Hilaren 16ra arte dago Sopelako Esaera Zaharren Txapelketan izena emateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko api. 3a, 19:42

Aurten 19 urte bete ditu Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak. Tokiko AEK-k antolatuta eta Udalaren lankidetzarekin, euskaltzaleon ezinbesteko hitzordua apirilaren 21ean izango da, "Ur isuria.. gaitz biltzen!" lelopean. Julio Soto nafarra eta Arrate Illaro algortarra izango dira bertsolari gonbidatuak, eta parte-hartzaileek bertso bakoitza dagokion esaera zaharrarekin lotu beharko dute. Izena ematerakoan banatuko da ehun esaera zaharren zerrenda. Txapelketaren helburua bertsoak eta atsotitzak elkartzea eta primeran pasatzea da. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute AEK-ko lagunek: lehen fasea goizean izango da herrian zehar. Eguerdian, frontoian herri-bazkaria egin ostean, finalerdiak eta finala etorriko dira. Urtero legez, parte-hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, 10 euroren truke (honako kontu korrontean sartu beharko da: Ipar Kutxa 3084 0047 85 6400020827). Epea apirilaren 16an amaituko da, eta telefonoz (618 574 445 / 695 774 015) edo e-postaz (jose-p[abildua]aek.org / aitor-f[abildua]aek.org) egin daiteke. Bertan taldearen izena (bi, hiru edo lau kidek osatuko dituzte, denak 16 urtetik gorakoak), eta kideren baten posta-elektronikoa edo telefono-zenbakia zehaztu beharko dira. Argazkian, jende mordoa batu ohi da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketan.

Parte-hartzaile guztiei oroigarriak banatuko zaizkie eta irabazleentzako sari bereziak egongo dira. Lotura hauetan topa daitezke esaerak, berauen azalpenak eta lehiaketaren oinarriak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun