Urtarrileko Osoko Bilkuran horren inguruan galdetzean, Gobernu Taldeak adierazi zuen, Partzuergoaren erantzunaren zain zegoela eta asmoa zuela inguru horretan egin behar zenaren inguruan auzokideei galdetzeko. Baina, noiz izango da hori? Nola izan daiteke proiektua diseinatu eta gero galdetzea auzokideei? Bankuen edo argien kolorea aldatzera mugatuko da berriz ere auzokideen parte hartzea?
Bildun argi daukagu hori ez dela udaletik bultzatu nahi dugun parte hartze eredua. Maidagan eta Andra Mari inguruko ikastetxeek, kultur elkarteak, auzo elkarteak zein bizilagunak badakite auzoak behar duena eta hori da, hain zuzen ere, Udalak Bizkaiko Garraio Partzuergoari jakinarazi behar diona. Ez dugu onartuko inori galdetu gabe diseinatutako proiekturik.
Bildutik Getxoko bizilagunak zein elkarteak animatzen ditugu Maidagan ingururako dituzten eskariak udalera zein Bidezabalen dagoen Bizkaiko Garraio Partzuergoko bulegora bidal ditzaten, horiek kontuan hartzeko exijituz. Guztion artean eraikiko ditugu gure auzoak!
Maidagan ingurua gaur egun iruditan (cc-by Getxoko Bildu)