Ezker Abertzalea, AB, EA, Aralar eta Alternatiba: “Bakea eta askatasuna”

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko api. 9a, 00:35

Testuinguru historiko guztiz berezi batean ospatzen dugu 2012ko Aberri Egun hau. Izan ere, 1512ko Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gogoratzen dugu. Nafarroa, historian Euskal Herri batu eta burujabearen sinboloa dugu. Aberri Egun honen ospakizunaren karietara, mundu osoari adierazi nahi diogu euskaldunak zutik eta tinko jarraitzen dugula, gure Independentzia berreskuratzeko bidea egiteko prest. Halaber, 1937ko Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzen dugu aurten. Gernika, euskaldunen askatasunaren ikurra suntsitu nahi izan zuten indar faxistek. Baina erasoek eta sufrimenduak gure Herriaren kemena eta askatasun egarria indartu besterik ez dute egin eta 75 urte geroago, Euskal Herria bizirik dago! Argazkian, atzo, Aberri Egunaren bezperan Donazaharren (Nafarroa Beherea) ekitaldia egin zuten Ezker Abertzaleak, Abertzaleen Batasunak Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak / cc-by-sa Ezker Abertzalea.

2012ko Aberri egunak zentzu berezi eta garrantzitsua dauka, hain zuzen ere, bake-bidean urrats garrantzitsu bat eman denean ospatzen den Aberri Eguna izatea. ETA erakundearen adierazpenak, Aieteko Bake Konferentzian eta Gernikako Akordioaren lehen puntuan eskatutakoari erantzunez itxaropena eta egoera berri baterako oinarriak ezarri ditu euskal gizartean. Oraindik urrats asko eta garrantzitsuak gelditu arren, ezin ditugu aipatu gabe utzi biktimen eta presoen arloan hartu diren akordioak eta egin diren ekimenak aldebakarrekoak izan arren. Euskal herrian deiadar erraldoia da gaur egun herri honek erabaki eskubidea behar duela, eta ahaztu ezinak direla euskal presoen, biktima guztien eta gizarteko baketzearen aldarrikapenak.

Ahantzi ezin den bezala, euskalherritarren deiadarra, sufritzen dihardugun krisi sistemiko larrian, herri bezala eta gizarte elkartu bezala eraikuntza nazionala zein eraldaketa soziala errealitate bihurtzeko. Munduko zein Europako beste nazioek besteko eskubideak aldarrikatzen ditugu, ez gehiago baina ezta gutxiago ere.

Sinboloz eta aukeraz beteriko testuinguru politiko batean murgilduak gaude beraz, eta 2012ko Aberri Egun honetan, bost indar politikoak aro berri bat aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat, hain zuzen ere Euskal Herrira bakea eta askatasuna ekarriko dituen aro berria aldarrikatzen dugu.

Aro berri hori ahalik eta lasterren gauzatu dadin, denak mugitu behar gara, ausardiaz jokatuz.

Eta bide horretan, aldarri hauek egiten ditugu:

1.- Euskal Herria Europako nazioa izateko asmo tinkoa eta xede urra ezina dugun herria garela aldarrikatzen dugu 2012ko Aberri Egunean.

Europako estatua izandako Nafarroako Erresumari orain dela 500 urte kendu zioten indarrez bere independentzia. Guk, euskaldunok, geure borondate politiko burujabearen izenean aldarrikatzen dugu gure subirautsa.

Euskal Herria Europan nazio burujabea izanen dela aldarrikatzen dugu. Inolako bazterketarik gabe, Independentziaren bidean lan egitea eta urratsak ematea, eguneroko arazo eta premiei erantzunez, hauxe izan behar da abertzale guztien ibilbide orria.

2.- Euskal Herriak benetako bakea eta konponbide politikoa aldarrikatzen ditu. Irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea eta eskubide guztiak lortzeko bidea irekitzen duen bakea: erabakitzeko eskubidea, giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak. Euskal Herriak bere egitura eta etorkizun politikoa bakean erabakitzeko eskubidea du. Eskubide hori bakearen eskua luzatuz aldarrikatzen dugu 2012ko Aberri Egunean.

Elkarrizketa politikoaren aldarria egiten dugu. Elkarrizketa politikoa da aniztasunaren eta errespetu demokratikoaren ondorio bazter ezina. Gaur egun elkarrizketa politikoa islatzeko ezinbestekoa da alderdi guztien legeztatzea eta alderdien mahaia eraikitzea, besteak beste, alderdi guztien berdintasunerako eta gaur egungo euskal erakundeetan ez daudelako alderdi guztiak.

Horretara, Euskal Herri osoan eragile politiko guziak, inongo bazterketarik gabeko elkarrizketa prozesu batean murgiltzerat deitzen ditugu. Halaber, Madrili eta Parisi zuzentzen gara Aberri Egun honetan. Heldu da garaia mugitzeko, eta haiek ere irekitzen ari den aro berriari begira beren erantzukizunak arduraz hartzeko.

Euskal Herrian bake prozesuak bere bidea egin dezan, nazioartetik datozen laguntza eta sostengu oro eskertzen ditugu. Zentzu horretan, Europako erakundeek bakearekin eta normalizazio demokratikoarekin daukaten erantzukizuna ere nabarmentzen dugu eta bizi dugun prozesuan eragile aktiboak izan daitezen deia egiten diegu.

3.- Euskal Herriaren eraikuntza gure helburua dela berresten dugu. Gaur, Euskal Herria bi estatuen artean zatiturik aurkitzen dugun errealitatea da, errealitate zapaldua, alde askotarik.

Honi begira, nola ez aipa gaur Ipar Euskal Herriak jasaten duen ukazio egoera Estatu frantsesaren partetik. Halaber, Estatu espainiarrean aurkitzen den eremua bi marko juridikotan banatua aurkitzen da. Zatiketa eta ukazio guztien gainetik, Euskal Herri osoko indar abertzale eta ezkertiarrak aktibatzeko engaiamendua hartzen dugu Euskal Herriaren eraikuntzaren alde, alegia, Zazpiak Bat gure proiektu estrategikoa urratsez-urrats egikaritzeko.

4.- Euskal Herriak gizarte eta nazioen elkartasuna aldarrikatzen du 2012ko Aberri Egunean. Askapen nazionalak askapen soziala behar duela beti egia bada, egia hori inoiz baino tinkoago eutsi behar diogu bizi dugun krisialdi gogor honetan.

Euskal Herriak bere egitura eta etorkizun politikoa askatasunean erabakitzeko eskubidea du. Burujabetza politiko eta soziala lortzeko eskubidea du. Eskubide horiek ere aldarrikatu nahi ditugu 2012ko Aberri Egunean. Hori dela eta, ‘Pertsona guztiak, ideia guztiak eta proiektu guztiak’ komunean eta hainbeste urtez defendatu dugun leloak ondorio eta oihartzun soziala ere izan behar du bizi dugun krisialdi zail eta zuzengabe honetan.

Gizarte elkartasuna pertsonen errespetua defendatzeko ez ezik, politika sozialak defendatzeko eta aurrera ateratzeko bultzatu nahi dugu.

5.- Euskal Herria nazio izatearen aldarriari egiteko unean, Herri gisa ezaugarritzen gaituen funtsezko zutabea: euskara. Nafarroako erresumaren konkistaren 500. urteurrena gogoratzen dugun honetan, nola ahantzi gure herriaren batasuna finkatzen duen euskara lingua navarrorun” dela.

Euskarak Euskal Herria osoan hizkuntza ofiziala izan behar duela diogu. Aldarri honen defentsa aniztasunaren onarpenetik egiten dugu, Euskal Herriak aniztasuna berezkoa eta beharrezkoa duelako. Hain zuzen ere, euskara integraziorako tresna gisa ulertzen dugu, mendeetan zehar errealitate anitzak lotzeko haria izan baita eta geroan ere izan daitekeelako. XXI. mende honetan, abertzale gisa, euskara gure hizkuntza nazionalaren aldeko borroka funtsezkotzat hartzen dugu.

Honela beraz, honenbeste berezitasun dituen 2012ko Aberri Egun honen karietara, hemen ordezkaturik gauden bost alderdiek geroari begira ere, gure Herriaren defentsan eta bere eraikuntza nazional zein sozialaren aldeko jardunbidean segitzeko konpromisoa edota engaiamendua berresten dugu!

Ezker Abertzalea, Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun