Jalgi Hadi Garaipenera: "Gazteoi dagokigu 500 urtetako borrokaren sua bizirik mantentzea"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko api. 9a, 01:20

Gabon eta zorionak trabak traba eta oztopoak oztopo hemen bildu garen milaka gazteoi. Zorionak egunez egun herri hau eraikitzen eta bestelako etorkizun baten alde lanean gabiltzan milaka gazteoi. Zorionak bene-benetan! Nafarroako konkistaren 500. urteurrena betetzen den honetan, herri honen etorkizuna landu nahi dugun milaka gazte bildu gara hemen. Baina argi dugu, horretarako, ezinbestekoa dugula gure historiaren jabe eta jakitun izatea. Eta historia hori, etengabeko zapalkuntzen historia baino ez da. Gure lurrak urratu, hizkuntza desagerrarazi, emakumeak gutxietsi eta langileak kateatu dituen zapalkuntza mordoen segida. Argazkian, atzo egin zuten Lesakan, ehunaka neska-mutil batu dituen Gazte Martxaren ekitaldia / cc-by-nc Topatu.info.

Historia beltza izanagatik, ez da argiagoa oraina. Sistema kapitalista patriarkalak historian zehar pairatu ditugun zapalkuntzak orainera ekarri eta itxura berri batekin aplikatu baino ez du egin. Eta egun, Albako dukea milaka soldaduekin Nafarroan sartu zenetik 500 urte pasa direnean, herri zapaldua izaten jarraitzen du gureak. Eta arrazoi argi batengatik da zapaldua. Kolpe guztiak laburbiltzeko balio duen arrazoi argi eta sinple batengatik: askatasunagatik. Sistema kapitalista patriarkalarentzat herri eta pertsona askeak baitira etsai zuzenenak. Bere proiektu suntsitzaile eta injustuan ez dira pertsona eta herri askeak sartzen. Beldurra diote askatasunari, eta horregatik zapaltzen gaituzte. Zapaltzen gaituzue zuk Raxoi, zuk Sarkozy, zuek, sistemaren txotxongilo interesdun guztiak!

Askeak ez diren pertsonak behar ditu sistemak. Kapitalaren aginduei men eginen dioten langileak. Baldintza txarrenetan ere, zapalkuntza bortitzenean itota ere, enpresariari eskerrak emateko prest egonen diren langileak, lana eman izanagatik. Kalte-ordainik gabe kaleratuak direnean, patroien aurrean defendatzeko aukerarik izan gabe kolpea jasotzen dutenean, beste masaila jartzeko prest izanen diren langileak. Moral kristaua interes kapitalisten alde. Horrela nahi gaituzte langileak, eta horretan ari dira, aginduz agindu eta erreformaz erreforma.

Askeak ez diren emakumeak behar ditu sistemak. Gizonezkoen zapalkuntzen aurrean ahotsa altxatzeko gai izanen ez diren emakumeak. Euren eskubideak ozen aldarrikatzera ausartuko ez diren emakumeak. Beldurrez biziko diren emakumeak, gizonezkoak noiz kolpatu zain. Aitortu eta ordaindu gabeko lanak isil-isilik onartuko dituzten emakumeak. Subjektu izan baino, plazerrrako objektu izateko euren gorputzak artifiziatuz denbora emanen duten emakumeak.

Askeak ez diren herriak behar ditu sistemak. Askea ez den Euskal Herria. Baliabideen hornitzaile eta inperialismoaren biltegi izanen den herria. Maite zaitut esateko ere ingelesera jo beharko duen herria. Herri nortasunaren adierazle izandako plazetan McDonalds berriak jasoko dituen herria. Izenik eta izanik gabeko herria. Berde eta marroi koloreko lur zati bat besterik ez , jabe gutxiko mundu kolorebakarrean.

Eta askea ez den Amalurra ere behar du sistemak. Animali espezie eta gari ale bakoitzari prezio bat jarriko dion Amalurra. Nonbaitera hamar minutu lehenago iristeko, baso eta lautadak tren azkarrei eskainiko dizkion Amalurra. Aberastasunaren izenean, bere buruaz beste eginen duen Amalurra. Arnasteko behar dugun airea ere saltzeko prest egonen den Amalurra.

Hilda nahi gaituzue, aberats zikin horiek! Hilda eta isilik! Zuen poltsikoak bete ahal izateko, hilda eta isilik.

Baina herri hau bizirik dago. Milaka gaztez betetako karpa hau da horren lekuko. Herri hau bizirik dago, zapalkuntza luzeen historia borroka sutsuen historia ere izan delako. Eta oraingo zapalkuntzen aurrean ere, herri honek ez du geldirik geratzeko asmorik. Ez gaude prest geldirik geratu eta gure izana nola suntsitzen duten ikusteko. Ez gaude prest herri hau mundu uniformatu honetan nola disolbatzen duten ikusteko. Finean, ez gaudelako prest hemendik hamarkada batzuetara, lasai geratu eta burua atzera itzultzen dugunean, egin genezakeena eta egin ez genuenaren aurrean negar egiteko. Borrokarako prest dagoen gazteria duzue aurrean, Raxoi, Sarkozy. Eta herri honek prestutasun nahikoa du zuen zapalkuntzen aurrean erresistitzetik harago, pausu sendoak eman eta garaipenera abiatzeko. Irabaztera goaz!

Irabaztera goaz, eta ez erresistitzera. Horixe da hain zuzen ere ezker abertzaleak egi n berri duen apustu estrategikoaren gakoa. Inori itxoin gabe, gure Euskal Herria eraikitzen hasi nahi dugulako. Herriak merezi duen protagonismoa hartu behar duelako, Madril eta Parisko kateetatik askatu eta etorkizun duin bat lantzeko. Euskal Estatua errealitate bihurtzeko. Eta behin betikoz, behin eta betirako, gure herriari horrenbesteko sufrimendua ekarri dion gatazka politikoari konponbidea eman nahi diogulako. Herri honek konponbide justu eta demokratikoa behar duelako.

Gure herria horren jakitun da. Gure herriak konponbide demokratikoa desiratzen du, eta bere etorkizuna erabaki nahi du. Horregatik, zabala da ezker abertzalearen apustuak jaso duen babesa. Baina oraindik asko dira ere gatazka egoeratik etekina atera nahi duten sektoreak. Eta oraindik ere nabaria da estatuek Euskal Herrian bizi den aro berriaren aurrean erakusten duten jarrera. Inmobilismoari eutsi nahi diote estatuek, “hemen ezer ez da pasa” esaten jarraitu. Ezaren gudaz ezetza elikatu. Horren froga dira azkenaldian Frantziar Estatuak bultzatutako atxiloketak. Horren froga ere euskal gazteok egunez egun pairatzen ditugun jazarpen egoerak. Eta horren froga ere Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako azken erabakia, Parot doktrina babestuz, eta hala, bizi osorako espetxe zigorra ontzat emanez. Euskal Herria ez dago horrelako erabakiak onartzeko prest. Euskal Herria haserre dago. Eta haserre hori Bilboko kaleetara eramanen dugu datorren larunbatean, era honetako erasoak pairatzeko prest ez gaudela ozen adierazteko.

Bide batez, mezu argi eta zuzena luzatu nahi diegu Paris eta Madrilgo gobernuei. Jakin dezazula Raxoi, jakin dezazula Sarkozy herri honek konponbiderako eta askatasunerako hautua egin duela, eta eraso bakar batek ere ez duela bide horretatik aldenduko. Eta jakin dezazuela, izan zaiteztela oso kontziente, benetako konponbiderik ez dela izanen zuen kartzeletan euskal preso politiko bakar bat dagoen bitartean. Herri honek euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko borondate eta konpromiso argia du. Bide horretan ari gara, baina bitartean, etxean ez ditugun bitartean, Espainia eta Frantziako ziegetan zein erbestean dauden euskal herritar guztiek jaso dezatela hemen bildutako milaka gazteon besarkada beroena! Gora zuek!

Euskal Herria sistema ilun honen atzaparretik aldentzeko borrokan dabil, aske izateko borrokan. Baina berarekin batera, asko dira mundu honetan leku propioa izateko lanean dabiltzan herriak. Horietako batzuk gure artean daude. Igo daitezela euren herrien askatasunaren alde lanean dabiltzan Herrialde Katalanetako, Eskoziako eta Irlandako bidelagunak!

Gazteok! Une erabakigarria bizi dugu Euskal Herrian. Duela 500 urte eraitsi ziguten Gaztelua, harriz harri eraikitzeko garaia da. Eta eskura ditugu beharrezko lanabesak. Burua eta eskuak.

Lanabes horiek bagenituen eta baditugu. Berriki erakutsi diogu Baionan Sarkozyri, ongi etorria ez dela adierazi genion gazteok! Hala erakutsi dugu egungo hezkuntza sistemaren aurka matxinatu garen ikasleok! Hala erakutsi dugu Greba Orokorrean etorkizun hobearen alde kalera atera garen milaka gazteok! Eta hala erakutsi dugu aldaketa ezinbestean feminista izan behar dela argi utzi dugun emakumeok! Ez gaudela adar jotze gehiago onartzeko prest! Martxoko iraultza piztu dugu. Orain Martxoko iraultza, apirileko, maiatzeko, ekaineko eta hilabeteroko iraultza bilakatu behar dugu. Tresnak badauzkagu eta tresnak erabiltzen dakigula ere ikusi dute putre madarikatu horiek! Aupa gu!

Ari gara. Herriz herri, auzoz auzo. Zapaltzen gaituen sistema kapitalista patriarkalari 180 graduko itzulia emateko errezeta zein den badakigu: elkarlana, auzolana. Errespetua, maitasuna, elkartasuna.
Horrela eraikitzen dugu guk hainbestetan amesten dugun Gazte Herria.

Gazte eta pertsona guztiok aske izango garen gazte herria. Parekidea izango den Gazte herria. Lanaren eta aberastasunaren banaketa orekatua izango den Gazte Herria. Ama Lurrarekin orekan biziko den Gazte Herria.

Irudikatzen dugun hori ez da amets hutsala soilik. Bideak egiten gaitu. Urrats bakoitzean amesten dugun horretatik gertuago gaude. Herrietan eraikitzen dugun alternatiba bakoitza da utopiarako urratsa. Oraina da etorkizuna. Eta iragana, borrokaz jantzitako iragana izan da. Orain, guri dagokigu 500 urtetako borrokaren sua bizirik mantentzea. Guk daukagu su hori garaipeneraino eramateko ardura. Gu gara herri honen hauspoa! Entzun dezatela! Esku artean dugu sua eta ez gara erreko! Jo Ta Ke!

Gora euskal gazteria!
Gora Euskal Herri aske eta sozialista!

Jalgi Hadi Garaipenera
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun