Iñigo Cabacas Lizeranzu 28 urteko gaztearen heriotza salatzeko asmoz, astearte honetarako, apirilak 10, Algortan deitu dute mobilizazioa hainbat herritarrek. Uribe Kosta mailako bateratzea 20:00etan jarri dute, Telletxe plazan, "Poliziaren indarkeriari stop!" lelopean. Ustez Ertzaintzak zauritu zuen pilotakada batez Basauriko mutila, ostegunean, Bilbon, Athletic-Schalke 04 futbol partidaren ondoren. Gaur hil egin da, ordubatak aldera Osakidetzako iturriek esan dutenez. Burezurra hautsita eta arnasa hartzeko makina bati lotuta lokarrarazita zuten ostegun gauetik Basurtu Bilboko erietxean. Gaur 19:00etan elkarretaratzea izan da Bilbon, Maria Diaz de Haro kalean, besteak beste,
Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Han zauritu zuten Cabacas. Ehunka eta ehunka lagunek egin dute protesta, isilean, haren lagunek deituta. Kalea moztu behar izan dute udaltzainek, jendetza handiagatik. Ordu laurdeneko isilaldia egin dute, eta lore eskaintza egin dute zauritu zuten tokian.