Getxoko Justizia Jauregian
lehergailu bi jartzea egotzita, bihar, asteazkena, Arkaitz Goikoetxea preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano gatibu algortarra epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bakoitzarentzat 44 urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak, EFE albiste agentziak zehaztu duenez. Ana Noé fiskalaren idatziaren arabera, "Goikoetxea zen ETAren Hegoak komandoko buruzagia. 2007ko azaroaren 11n berak emandako bi lehergailuak jarri zituzten epaitegien atean eta paperontzi batean Cotanok eta Asier Borrerok". Azken gazte algortar hori, ordea, ez dute bihar epaituko; atxilotu zutenetik Frantzian espetxeratuta baitago. Hala ere, Cotanok eta Goikoetxeak "inkomunikazioan atxilotuta jasan zituzten torturak" salatu zituzten, eta egindako deklarazio guztiak "torturen bidez eginarazi zizkietela" esan zuten. Bi lehergailuok Ertzaintzaren artezilariek indargabetu zituzten: bata, goizeko lehen orduetan eta, bestea, arrastian; epaitegiko zaintza bideokamerek grabatutako irudiak ikuskatzen ari zirela, ustezko bi etakideetatik batek inguruko paperontzi batean beste pakete bat sartu zuela igarri zutelako polizia agenteek. Hurrengo egunean, indargabetze lanekin jarraitzen ari zen ertzaintzari eskuetan lehertu zitzaion detonagailua eta, ondorioz, lau atzamar galdu zituen. Argazkian, Cotano eta Goikoetxearen argazkiak herrikideek eutsita.