Tindouf-eko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetatik umeak ekarriko ditu aurten ere Atfal Sahararen aldeko elkarte getxoztarrak, uztaila eta abuztua gure artean igaro dezaten. Gauzak horrela, apirilaren 30era arte izango dute udalerriko familiek 7 eta 12 urte arteko neska-mutil horietako bat hartzeko aukera. Ekimen horretan parte hartu nahi duten lagunek aipatu elkartearekin edo Getxoko Udalarekin harremanetan jarri beharko dute. Interesatuek informazio gehiago jaso dezakete Atfal elkartean (658 751 359 /
oporrakbakean[abildua]gmail.com) edo Getxoko Udaleko Garapeneko Lankidetza Sailean (944 660 017 /
lankidetza[abildua]getxo.net). Baina, Leioako Udalaren laguntzaz, urtero bezala, tokiko Fath elkarteak ere bat egin du "Oporrak bakean" ekimenarekin. Gauzak horrela, udan Saharako ume bat etxean hartu nahi duten leioaztarrek 656 735 687 telefono zenbakira deitu beharko dute. Egitasmo horren bitartez, umeei mediku-azterketa eta elikagai egokiak eskaintzeaz gain, neska-mutil sahararren errealitatea ezagutzeko aukera ematen zaie familiei. Argazkian, aurreko batean gurera etorritako saharar umeetako batzuk.