Iñigo Cabacas Lizeranzu 28 urteko athleticzale basauriarraren heriotzaren kontrako protesta ELA sindikatuak Areetako etorbidean daukan egoitzaraino eraman dute. Ezezagunek pintaketa egin dute bart lokaleko pertsianan: "ELA-Ertzaintza, ez duzu ezer esatekorik? Polizia hiltzailea" irakur daiteke, espainolez egindako pintadan. ELAk "erabateko ikerketa eta ardurak azken muturreraino eramatea" eskatu zuen
atzo plazaratutako oharrean. Aipatu erakundearen Ertzaintzaren atal sindikalak, ordea, ez du adierazpenik egin. Bitartean, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur goizean Radio Euskadin emandako elkarrizketan berretsi du ikerketak aurrera jarraituko duela "amaierara arte", eta Herrizaingo Sailak justiziarekin kolaboratuko duela gaineratu du, besteak beste,
Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. "Ertzaintzaren aldetik arduragabekeriaren bat egotea posible da", esan du Ertzaintzaren jokaeraren inguruan. "Baliteke Ertzaintzak ezarritako protokoloak ez betetzea", gaineratu du Aresek. Argazkian, UKBERRI.NETeko irakurle batek helarazitako irudia / publicdomain.