"Epaiketa politikorik ez. Utzi bakean Euskal Herria" lelopean, 80 lagun inguru elkartu ziren atzo arratsaldean Algortako Telletxe plazan. Horren bitartez, Arkaitz Goikoetxea preso politiko getxoztarrari eta Aitor Cotano gatibu algortarrari Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari zaizkien epaiketa salatu zuten. Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakera egotzita, bakoitzarentzat 44 urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Baita 40.000 euroko kalte ordaina ere, lehergailuen indargabetze lanetan artezilarietako bat zauritu zelako. Zigor eskaera berretsi zuen atzoko saioan fiskalak, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Baina, Goikoetxea eta Cotanoren kontrako epaiketaz gain, GALek eraildako Xabier Galdeano algortarrari egin behar zitzaion omenaldiaren debekua gogoratu zuten. Baita apirilaren 30ean Auzitegi Nazionalean hasiko den D3Mren kontrako epaiketa ere. Hain zuzen ere, auziperatutako 13 lagunen artean da Eli Zubiaga algortarra. Fiskalak 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!