Urtero bezala, Areetan egoitza duen
Sener eta Barakaldoko Precicast armagintza enpresetara egingo du bizikleta ibilaldia larunbat honetan, apirilak 14, Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, Kem-Moc eta Komite Internazionalista elkarteek. Bosgarren edizioa da aurtengoa. Bilbotik, foru jauregi paretik aterako dira goizeko 11:00etan, Prescicastetik pasa eta Senerren parean amaituko dute, biak ere industria militarrarekin lotutako lantegiak salatzeko. Antolatzaileek Israelgo armadarekin elkarlanean aritzea egotzi die. Euskal armagintza industriak 600 miloi euro inguruko salmentak izaten ditu urtero. Aurten %15 igo dira. Kolektibo antimilitaristek behin baino gehiagotan salatu dute Senerrek "Israelgo armadaren bidez, palestinar herriari egindako erasoetan duen inplikazioa". Kakitzaten hitzetan, besteak beste, "2001 urtetik hona, Israelgo Rafael armagintza enpresarekin batera, IHU unitateen fabrikazio eta garapenean parte hartzen du, Reccelite errekonozimenduko 'pods' oinarrizko osagaia egiteko ezinbestekoak. Sentsore hauek bonbardatuko den helburua kokatzeko eta ardazteko erabiltzen dira". Senerrek ingeniaritza militarrean dihardu eta Eurofighter europar konbate-hegazkinaren zein KEPD-350 Taurus gurutzaldi-misilen osagaiak ere egiten ditu. Argazkian, iazko bizikleta martxa / © Kakitzat.