Benjamin Atutxa Eibarreko PSE-EEren zinegotzia "bahitzeko eta hiltzeko" ustezko saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez preso getxoztarrak
absolbitu zituen 2011ko apirilean Espainiako Auzitegi Nazionalak. Epaiaren arabera, "ekintza abiatu eta hori gauzatzeko zaintza lanak egin zituzten arren, azkenean bertan behera utzi zutela ulertuta". Orain, baina, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Azkorriko gaztearen absoluzioa, eta 3 urteko espetxe zigorra ezarri dio,
Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Gorenak onartu egin du Ministerio Fiskalak absoluzioaren aurka aurkeztutako helegitea, eta "legez kanpoko atxiloketa terrorista delitua egiteko konspiratu izana" leporatu dio Goikoetxeari. Aipatu 3 urteak orain urtebete jarritako espetxe zigorrari gehitu behar zaizkio: Goikoetxeari 22 urteko kartzelaldia ezarri zioten, Cotanori 16 urtekoa eta Gutierrezi 14 urtekoa. Hirurei erakunde terroristako kide izatea, lehergaiak gordetzea eta armak edukitzea leporatu zieten. Horretaz gain, faltsutze delitua egotzi zioten lehenengoari. Aipatu zigorrak berretsi ditu oraingoan Gorenak. Argazkian, auzokideak Cotano eta Goikoetxearen irudiak sostengatzen, aurreko batean.