D3M hautesle elkarteko eta Askatasunaren aurkako epaiketak apirilaren 30ean hasiko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auziperatutako 13 lagunen artean dira Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra eta Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra. Fiskalak 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du hirurentzat. Gaur goizean egindako agerraldian, ostiralean epaiketa salatzeko ekitaldia izango dela jakinarazi dute Eleak mugimenduko kideek. Gara.net agerkari digitalak zabaldu duenez, "Eskubide guztiak guztiontzat" lelopean, 19:30ean hasiko da Bilboko Plaza Barrian. Haritz Petralandarekin batera, Urkaregi bera izan da agerraldian: konponbidearen alde urratsak emateko lan egingo dutela adierazi dute eta errepresioa eta eskubide zibil eta politikoen urraketekin bukatzeko garaia dela aldarrikatu dute. Bitartean, Algortan, D3M hautesle elkarteko eta Askatasunaren aurkako epaiketen inguruko hitzaldia egingo dute asteazken honetan, hilak 18. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Villamonteko kultur etxean. Solasaldian auziperatuek parte hartuko dute. Astrabuduan beste horrenbeste egingo dute egun berean, 19:30etik aurrera, Josu Murueta kultur etxean. Argazkian, larunbatean Algorta eta Getxoko gazteek ere erakutsi zieten elkartasuna auzipetuei, Txorimalo gaztetxearen urteurrenaren baitan / public domain.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.