Berriro ekin diete lanuzteei Metro Bilbaoko langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko api. 16a, 18:37

Aste Santuko eta Pazko Asteko etenaldiaren ostean, gaur berriro ekin diete lanuzteei Metro Bilbaoko langileek. 05:30etik 07:30era egin dute geldialdia. ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuen arabera, gaurko grebaren jarraipena “zabala” izan da. Aipatu dutenez, geltokietan %85eko lanuztea eman da eta 22 geltokitan ez da bidaiarien arretarako zerbitzurik egon. Gidarien kasuan, %95ak parte hartu du protestan eta langile bakarra agertu da lanpostuan. Aginte postuetan jarraipena %100ekoa izan da eta tailer eta bulegoetan ezin izan dute lanuzterik egin euren lan ordutegia 08:00etan hasten delako. Datorren greba eguna apirilaren 20a, ostirala, izango da, 12:30etik 15:30era. Bestalde, goizean zuzendaritzak eta langileek bilera bat izan dute, garraio enpresako arduradunen esanetan, “lan gatazkari irtenbidea bilatzeko”. Langileek Aste Santua baino arinago, batzarra aurreratzea eskatu zuten, baina ez zuten zuzendaritzaren baiezkoa jaso. Bilkura gaur goizean burutu da, eta greba batzordeak prentsaurrekoa deitu du 17:00etarako, LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan, bileraren balorazioa egiteko. Argazkian, apirilaren 3an Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan izandako kontzentrazioa / © LAB Metro Bilbao.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun