ATX Teatro, Gaitzerdi taldearekin 18 urte eman dituen Iñaki Ziarrustak 2010ean sortutako konpainia berria da eta ekoiztu duen lehen ikuskizunari "Gnosia" izena eman dio. Sorkuntzari jarritako izena, hain zuzen, lehen ikuskizuna delako ipini diote, antzezlanak barne hausnarketa proposatzen baitu norberaren barrua ulertzeko, gauza bakoitza dagokion lekuan jarri eta bakoitzaren izaerarekin bat egin. "Gnosia" boterearen zentzugabekeriaz, menpean mantso-mantso jartzeko joera eta ezinbesteko iraultzearen gaineko ikuskizun ziklikoa da, non istorioa behin eta berriz errepikatzen den. Barne metafora balitz armairua azaltzen da eta haren barruan, bortizkeria, sexua, amarrukeriak, azpijokoak, irainak, ustelkeria eta abar.
Zirkua
Bestalde, zirku berria lantzeko asmoa erakusten du Malas Compañías taldeak eta 2006. urtean sortu zenetik asmo horri eutsi diote bere kideek, beren sorkuntzetan kaleko ikuskizunak ez ezik, umorea, pailazoa edo zirku teknikak diren malabarismoak, oreka-jolasak eta akrobaziekin baliatzen direlako. Lerro artean kokatzen dira "Orsai" ikuskizuneko protagonistak, hain zuzen, jokatzeko baliogarria den jokoz kanpoan. Toki horrek aukera ematen die askatasuna eta eromenaren artean dagoen lerro finean oreka-jolasak egiteko eta agerraldiko hiru protagonistak jolas eta irudimenaren arteko bidaia bisualean barrena eramango dute, eguneroko objektuei eta ekintzei zentzu berria emanez.
Azkenik, FTI-Antzerkiola Imaginarioan eta bestelako esperientzietan ibilitako antzezle eta sortzaileek sortutako egitasmoa da Matrioska, guztien ahalegina erronka berriei aurre egitea dela. Horretarako, indarrak bildu dituzte lengoaia, estetika eta kontzeptu eszeniko berrien bila. Inor igarotzen ez den galdutako errepide baten kokatzen da hautsez, utzikeriaz eta zorrez beterik dagoen "Motel Matrioska". Vintzenza eta honen seme-alaba Lisbethek eta Jimmyk kudeatzen duten motelean ez da aspalditik bezerorik izan baina, halako baten, hartzekodun bat agertu eta gainetik kentzeko irtenbide bat aurkitu beharko dute.