
Euskal Herriko herri mugimenduak deituta Poliziaren indarkeriarekin amaitzeko galdegiteko manifestazioa egingo dute larunbat honetan, hilak 21, Indautxun. Martxa 17:30ean abiatuko da Maria Diaz de Haro kaleko 13. zenbakitik, Ertzaintzaren karga bortitz batean gomazko pilotakada batek Iñigo Cabacas athleticzale basauriarraren bizitzarekin amaitu zuen tokian, alegia. Deitzaileek ″erantzukizun politiko eta zibilak″ eskatzen dituzte ″modu honetako esku hartze polizialetan″ eta eragile sozialen izenean dei egiten diote jendarteari atzo eta gaurko indarkeria polizialari ezetz esatera. Bestalde, gaur, asteartea, asanblada irekia egingo dute 7Katu gaztetxean, aurrera begirako ildoak finkatzeko eta manifestazioa prestatzeko. Bilkura 20:00etan izango da. Asteazkenean, berriz, ″prentsaurreko masiboa″ egingo dute 11:30ean Barrainkua Gizarte Etxean, Barrainkua kaleko 5. zenbakian. Argazkian, hilaren 10ean Iñigo Cabacasi heriotza eragindako "basakeria" salatu zuten ehunaka lagunek Algortan.