Leioako Bilduk plazaratutako prentsa oharra (pdf)
Pinosoloko kiroldegiaren egitasmoa agindu zitzaien enpresei 1.629.326 euroko fakturak ordaintzea onartu zuen Leioa Kirolak udal erakundeko administrazio kontseiluak, apirilaren 4an egindako bilkuran. EAJ eta Ezker Batuaren aldeko botoekin hartutako erabakia "eskandalagarritzat" jo du gaur Leioako Bilduk. Koalizio ezkertiarrak gogoratu duenez, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak ikertuak izaten ari dira aipatu sozietateak, esleipena "era irregularrean eta legez kontra eginez" lortu zutelakoan. Fakturen ordainketa "EAJ-EBren arteko erabaki politikoa besterik ez" dela adierazi dute Arkaitz Fullaondo eta Elixabete Moral Leioako Bilduko zinegotziek. Ildo horretan, Eneko Arruebarrena alkate jelkideak kontratatutako abokatuak egindako txosten juridikoa "espresuki erabaki politiko horri men egiteko landuta" dagoela salatu dute. Halaber, PSE-EE eta PPren "konplizitatea" ere agerian utzi nahi izan dute: lehen aipatu batzarrean, "PSEko zinegotzietako baten egon ez izanak oposizioak gehiengoa ez izatea erraztu zuen. Gainera, PSE eta PPk fakturen ordainketaren kontrakoak zirela agertu zuten baina, bide batez, fakturen ordainketa onartu zuten abstentzioa bozka emanda", azaldu dute Fullaondok eta Moralek. Bildukoen ustez, kontratua baliorik gabe uztea eta prozesu parte-hartzaile baten oinarritutako proiektu berri bat egitea litzateke "konponbide bideragarri bakarra". Argazkian, Moral eta Fullaondo gaurko prentsaurrekoan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!