Getxoberpiztu! Goteo plataforman ere argitaratu zuten joan den martxoan ekimenaren sustatzaileek.
Goteo, komunitate eta jakintza askea bultzatzea helburu duten proiektuak kolektiboki finantzatzeko eta horiei laguntzeko Internet euskarria da. Horren bidez, Algortako Aretxondo kaleko orubeari erabilera emateko egitasmoaren azken faseko, hau da, bizilagunen kolaborazioaren bidez, erabaki eta diseinatu den espazioa fisikoki garatzeko dirua eskuratu nahi dute. "Horretaz gain, prozesu honetan parte hartzeko beste aukera bat zabaldu nahi dugu ekimen honen bidez, ekonomikoki, baina, baita plataforman zehazten diren bestelako laguntza motak ahalbidetuz ere: zure ekarpena ekonomikoa izan daiteke 10-20 eurotatik hasita, edota bestelakoa ere bai (materialak, laguntza osagarrik, parte hartuz...)", zehaztu dutenez. Diruari dagokionez, Getxoberpiztu! laguntzeko 11 egun besterik ez dira geratzen eta, orotara, 3.800 euro behar dituzte. Argazkian, txikiek ere lagundu dute proiektua diseinatzen / cc-by-nc-sa Getxoberpiztu!