Berrikuntzaz beterik dator aurten Pinuetako azoka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko api. 19a, 19:47

Aurtengo Pinuetako azoka berrikuntzez beterik dator, Leioako udal iturriek aipatu dutenez. Hasteko kokapen berria izango du aurten: Dolores Ibarruri izeneko plaza berrian egingo dute. "Aldaketa honek hobekuntzak egiteko aukerak ematen dizkio azoka ezagun honi", gaineratu dutenez. Berrikuntza horien artean azokaren iraupena dugu: orain arte egun batekoa zen baina hemendik aurrera egun bikoa izatera pasatuko da. Beraz, aurtengo azoka larunbatean (11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara) eta igandean (11:00etatik 15:00etara) ospatuko da. Horretaz gain, 14 erakustoki izango ditu aurten. Bertan, Euskal Herriko kalitatezko produktuak aurkitu ahal izango dira, horien artean: landareak eta loreak, barazkiak, frutak, eztia, txakolina, sagardoa, garagardoa, nekazaritza eta lorezaintza tresnak, ortuko produktuak, landare eta loreekin egindako xaboia, fruitu melatuen gozokiak eta olioa. Argazkia: © Leioako Udala.

Bestalde, urtero azokarekin lotuta egiten diren bestelako ekintza desberdinez gozatzeko aukera ere izango da, adibidez: abeltzaintzaz aritzen diren umeen tailerrak; sorkuntza prozesuaren inguruko argazki erakusketa eta lorategi baten sorkuntza; sukaldaritza tailerra eta landare zein lorekin egindako pintxoen dastatzea; eztia eta garagardoaren ekoizpen prozesuari buruzko hitzaldiak; olioa ekoizteko prozesuaren erakustaldia zuzenean; eta xakolinaren dastatzea, Bizkaiko Txakolinaren Jatorrizko Izendapenaren eskutik. Horretaz gain, Bonsai eta Suseki elkarteen eskutik egindako erakusketa ere egongo da. Horiek hitzaldi bat ere emango dute bonsai batek behar duen zaintza bereziez hitz egiteko, eta “De platón a prebonsai” izeneko tailerra ere izango da horrekin lotuta.

Kokapen berria

Esan bezala, orain arte Pinuetako azoka Nafarroa kalean egiten zen, Cervantes plazaren ondoan, baina aurten kokapena aldatu da Dolores Ibarruri plaza berrira. Plaza hori Gaztelubide kale hasieran dago, Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzoak elkartzen diren puntuan. "Kokapen berri horrekin azokak zabalera handiagoa izango du, teknikoki ere hobekuntzak izango ditu eta, batez ere, auzokideei eragozpen gutxiago eragingo zaizkie", adierazi zuen atzo Eneko Arruebarrena alkate leioaztarrak.

Azaldu zuenez, orain arte azoka egiterakoan zonaldeko hainbat aparkaleku kendu behar ziren, baina kokapen berri honekin ez dira aparkaleku hauek kenduko eta auzotarrek egunero bezala izango dute trafikoa. Aldaketa garrantzitsu horri esker Pinuetako Udaberriko azoka, orain arte Pinuetako Nekazaritza azoka deitzen zena, bere egituran zein egitarauan aldaketa nabariak egiteko aukera izan du.

Udalaren ekimenez

Arruebarrenaren hitzetan, "Udalaren ekimenez sortutako ideia batetik sortu zen azokaren kokapen berri hau, Dolores Ibarruri plaza. Zonaldean aisialdi eta oinezkoentzako gune berrien eta aparkaleku gehiagoen beharrizana zegoela konturatu zen Udala, eta horregatik sortu zen gune berri hau".

Plaza horren azpian 400 partzelako lurrazpiko aparkalekua dago, eta horren goialdean erabilera publikorako gunea dago, egonaldi zonaldea, umeentzako jolastokiak, saskibaloian aritzeko kantxa txiki bi, eta frontoia, Iparraldean direnen antzekoa. Horretaz gain, zonaldea berrurbanizatzeko, errepidea hobetu da eta oinezkoekin bateragarri izatea lortu da. Guzti hori bi miloi euroko aurrekontua suposatu izan du Leioako Udalarentzat.

Guzti hori egin ostean, Langileria kaleko 202. zenbakian eta Artatza Jauregiaren atzeko aldean dagoen etxetxoaren berreraikuntza egiteko proiektuan darabil Udala. Asmoa eraikina moldatzea eta erabilera publikoa ematea da. Zehazki, Udalaren asmoa zonalde horretako udal bulego deszentralizatua bertan ezartzea da, eta honetaz gain bestelako ekipamendu bat ezartzea bertan herritarrei zuzendutakoa.

"Urbanizazio aldaketa guzti horiek kaleetatik hainbat kotxe ateratzea lortuko dute, eta honi esker zonaldean oinezkoen presentzia handiagotzea eta aisialdi gune berriak lortzea. Honen harira, Udalak urbanizazio lanekin jarraituko du", amaitu zuen Arruebarrenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun