Irakurzaletasuna eta zinema batuko ditu aurten Getxoko Liburu Azokak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko api. 20a, 11:34

Gaur, ostirala, Liburu Azoka izango da Algortan berriro ere. Astelehenera arte, udal liburutegiek antolatutako ekimen horrek bertoko hamar liburu-dendaren etxolak eta hainbat jarduera, gehienak haurrentzat, hartuko ditu. Azken horiek zinemaren mundua izango dute ardatza aurten. Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da, ostiralean eta astelehenean izan ezik. Gaur, arratsaldez irekiko da bakarrik; 23an, berriz, ordubete lehenago itxiko da arratsaldez. Azokan, bisitariek liburuen, komikien eta haurrentzako ipuinen azken nobedadeak erosteko aukera izango dute. Halaber, jarduera anitz izango dira: ipuin kontaketak, tailerrak, film laburren proiekzioa, hitzaldia, ikasle getxoztarren ohiko jendaurreko irakurketa eta egileen sinatze-saioak, besteak beste. Horiez gain, udal Immigrazio Arloaren eta Euskara Zerbitzuaren eskutik kultura anitzen kondairen eta mitoen inguruko postu bat egongo da. Argazkia: © Getxoko Kultur Etxea.

Ohi denez, Getxoko Kultur Etxeko liburutegiek beren gunea izango dute azokan. Horrela, irakurleei liburuak mailegatzeko aukera eskainiko zaie, eta etxera eraman ahal izango dituzte. Halaber, umeek eta gazteek komiki eta ipuin interesgarriak aurkituko dituzte bertan irakurri ahal izateko. Jarduerei dagokienez, azoka osoan zehar haurrentzako tailerrak, jolasak eta argazki zaharren erakusketa bat izango dira. Azken horretan San Nikolaseko liburutegiko argazki bildumako irudiak egongo dira ikusgai. Aurten, "San Nikolas plaza, atzo eta gaur" erakusketak plaza algortarraren bilakaera izango du ardatza.

Egitaraua

Azokaren jarduera egitaraua gaur 18:00etan hasiko da "Ezetz pelikula asmatu" tailer-ikuskizunaren eskutik. 19:00etan, eta lehendabiziko aldiz, Kontularien Klubaren saioa izango da. Horretan ipuinak entzun edo kontatu nahi dituzten helduek hartzen dute parte.

Larunbatean, eguneko programazioa 11:00etan abiatuko da zinema tailerrean. 12:00etatik 14:00etara gonbidatutako egileen sinatze-txanda izango da. Aurten, honako idazle hauek parte hartuko dute: Tesa González, Ana Iturgaiz, Gonzalo Iribarnegaray, Esther Zorrozua, Iratxe de Valles, J. Carlos Martínez, Mari Paz Giambastiani eta Eusebi Ruiz. 13:00etan Just-dance dantza tailerra hasiko da. Tailer hori arratsaldean ere izango da, 18:00etan. Azkenik, Tesa González ilustratzailearen "El otro lado de un álbum ilustrado: Orígenes y procesos de la creación de 'El sueño de Lu Shzu'" hitzaldiaz amaituko da eguna.

Igandean, Sofoko Teatroren "Galakta taldea" haurrentzako antzerki ikuskizuna izango da 12:30ean. Arratsaldean, 18:00etan, Just-dance tailerra hasiko da eta, 19:00etan, "Argiak, kamera, ekin!" haurrentzako film laburren proiekzioa. Azkenik, astelehenean, apirilak 23, ohiko jendaurreko irakurketa izango da bertoko bost ikastetxetako 300 bat ikasleren eskutik, 10:00etatik aurrera. 17:00etan Just-dance tailerra izango da eta, 19:00etan, jardueren egitaraua amaituko da Anabel Muro kontalariak eskainiko duen "La gran ilusión: Cuentos de cine" ipuin kontaketaz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun