D3M hautesle elkarteko eta Askatasunaren aurkako epaiketen inguruko azken berria zabaldu zuen atzo
Eleak mugimenduak: "Epaileen seriotasunaren adibide berri bat dugu gaurkoan, antza orain konturatu dira apirilaren 30ean zubia egin ezkero sei egunetako oporraldia egin dezaketela eta, beraien soldata horretarako ematen duenez, ba epaiketa maiatzaren 3an hasiko dela erabaki eta gaur abisatu gaituzte... Beraiek agian Botsguanara joango dira elefanteen ehizara...". Hartara, Getxo udalerriko eta Erandioko sostengu taldeak kontrakorik erabaki ezean, apirilaren 30ean kontzentraziorik ez da izango Algortan eta Altzagan. Auziperatutako 13 lagunen artean dira Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra eta Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra. Fiskalak 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du hirurentzat. Bestalde, gaur bertan,
epaiketa salatzeko ekitaldia izango da Bilbon. "Eskubide guztiak guztiontzat" lelopean, 19:30ean hasiko da Bilboko Plaza Barrian. Argazkian, larunbat eguerdian dozenaka lagunek erakutsi zieten elkartasuna Eli Zubiaga algortarrari, Iker Rodrigo lutxanarrari eta D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketan auzipetutako gainontzeko lagunei Algortan.