Txetxu Fernandez Perez de Nanclares preso algortarrari baldintzapeko askatasuna emateko aldeko txostena idatzi du Basauriko espetxeko Tratamendu Batzordeak, besteak beste,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Espainiako Barne Ministerioko iturriek diotenez, astelehenean helduko zaio aipatu dokumentua José Luis de Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari. Magistratuak ez du epe zehatzik erabakia hartzeko, baina baliteke hilabete baino gehiago luzatzea, aipatu dutenez. Algortako presoak 2011ko ekainaren 22an bete zituen ezarritako zigorraren 3/4ak. Beraz, Castrok ez du Fiskaltza kontsultatu beharrik haren askatasunaren gaineko erabakia hartzeko. 2018ko maiatzean amaituko du kartzelaldia Fernandezek. Hartara, epaileak aldeko erabakia hartuz gero, baldintzapeko askatasun erregimenean beteko ditu azken sei urteak. Dena den, otsailaren 10etik lo egitera baino ez da joan behar espetxera. Bi urte lehenago, Txetxu Fernandez Euskal Preso Politikoaren Kolektibotik (EPPK) kanpo zegoela baieztatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Gatibuak berak jakinarazi zien gutun bidez ingurukoei eta AAMri, bere burua EPPKren diziplina eta babesetik at kokatzen zuela eta ordutik aurrera soilik bere izenean arituko zela. Argazkian, Txetxu Fernandez preso algortarra berriz onartzea eskatu zioten BBVAri bere lankideek, iazko apirilean.