Aitor Cotano Sinde preso politiko algortarraren amari bi hilabetez semea ez ikusteko zigorra ezarri diote.
Etengabe errepresioaren kontrako Uribe Kostako agerkari digitalak azaldu duenez, "aurreko batean Aitor bisitatzera Valdemoroko espetxera joan zirenean, bere anaia miatu nahi izan zuten kartzelariek, eta horrek uko egin zion. Orduan, amak protesta gisa horren arrazoiak idatziz ematea eskatu zuen". Horren ondorioz, bi hilabetez semea ikusteko debekua iritsi zaio Cotanoren amari. Aitor Cotano, Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez zein Mikel Saratxo getxoztarrak eta beste 5 lagun ere 2008ko uztailaren 22an atxilotu zituen Guardia Zibilak; Bilbon, Algortan, Elorrion, Galizian eta Malagan egindako operazioan, Bizkaia komandoko kide edo laguntzaile izatea leporatuta. Bi egun geroago Inge Urrutia algortarra harrapatu zuten eta handik hiru egunera aske utzi, Adur Aristegi eta Libe Agirre elorrioarrekin batera, 12.000 euroko fidantza ordaintzeko baldintzapean. Saratxo urte horretako urriaren 31n libre geratu zen. Guztiek torturak salatu zituzten. Ordutik aurrera hainbat epaiketari egin behar aurre egin behar izan dio Cotanok. Argazkian, apirilaren 12an lagun ugarik
salatu zuten Goikoetxea eta Cotanori egiten ari zitzaizkien epaiketa.