D3M auzian, Arantza Urkaregi irakasle bilbotarraren aurka egingo den
epaiketa salatzeko bihar, asteazkena, izango den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute unibertsitate komunitatea hainbat eragilek. Hitzordua 13:00etan izango da Leioa eta Erandioko campuseko Mikel Laboa plazan, EILAS sindikatuak aurreratu duenez. Urkaregiri ez ezik, auzipetutako gainontzeko hamabi euskal herritarrei ere babesa emateko adierazpena irakurriko dute. Horiek guztiak
2009ko irailean auzipetu zituen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "ETAko kide izatea edo erakunde armatua laguntzea" egotzita. Urte hartako martxoan D3Mk eta Askatasunak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izan zuten, baina Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zituen, Batasuna legez kanpoko alderdiarekin harremana zutelakoan. Fiskalak
9 urteko espetxe zigorra eskatzen du Urkaregirentzat, baita Eli Zubiaga algortarrarentzat eta Iker Rodrigo lutxanarrarentzat ere. Argazkian, Arantza Urkaregi.