Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak berak biktimatzat onarturiko Xabier Galdeano kazetari algortarraren omenaldiaren debekua, berriz, azken tanta izan zen, eta horren aurrean plataforma bat osatu zuten hainbat herritarrek. Haien izenean, Bildutik zera eskatu genion Udalbatzari:
“Alkateak beharreko gestioak egin ditzala Ertzaintza eta Espainiako Audientzia Nazionalaren aurrean, gertakariak mozio honetan adierazten diren moduan izan direla ziurtatzeko, eta aurrerantzean inolako arazorik gabe herritarrek Xabier Galdeano omendu ahal izateko bideak jorra daitezen.
Udalak babes dezala ondoko ekitaldiak burutzeko eskubidea: apirilaren 25ean, aurreko testua jakinarazteko egingo den prentsaurrekoa eta apirilaren 28an eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko eta Xabier Galdeanoren gorazarrea egiteko Algortan burutuko den ekitaldia”.
EAJk biktimen omenez egindako ekitaldietan Galdeano errekonozitzen duela esan eta gertatutakoaren aurrera “kezkaturik” daudela aitortu arren, ez zuten mozioa babestu eta abstenitu ziren; PSOE-EE eta PP alderdiek, bere aldetik, ukatu zuten Galdeanok omenaldirik merezi zuenik eta eskaeraren aurka azaldu ziren.
D3Mren plataformaren aurkako epaiketari buruzko mozioan ere abstenitu zen EAJ. Epaiketa horretan auziperatuta dagoen Eli Zubiaga getxoztarraren babesari uko egin zion Gobernu Batzordeak, eta “nazio ikuspegiko” beste iniziatibak moduan exekutibarekin eztabaidatzeko eskatu zuen. Era bereran, jeltzale getxoztarren ustez auzi hauek zentzurik gabeko eta iraganekoak diren arren, abstenitu ziren partekatzen ez duten estrategia baten barruan kokatzen baitzuten Bilduren eskaera.
PSOE-EE alderdiaren ordezkariak, berriz, epaia auziperatuen aldekoa izateko desioa eta gaur egungo egoera politikoan halako epaiketa politikoek zentzurik ez dutela azaldu arren, ez zuten eskaera babestu eta kontra bozkatu zuten, PPrekin batera.
Getxoko Bildu
bildu.info/getxo