Gobela ibaia erroten erreinua
Antolatzaileek gogoratu dutenez, Gobela arroa da gure inguruan erroten ibaia. Ez da ibai handia, ezta luzea ere, baina nahikoa bertako ekoizpena lantzeko. Zaila da esatea zeintzuk diren hemengo erroten lehenengo datak. Orain ezagutzen direnak XVII. mendean dokumentatzen dira, gehienez jota. Hala ere, argi dago askoz zaharragoak direla, horri buruzko dokumentazioa data horietan sortzen baita indarrez, izan ere, Poza de Meranako errota, Berangokoa, XIII. mendean martxan zegoen. Oraingo errotak, orain ikus ditzakegunak, jakina, ez dira Erdi Aroko errotak, teknikak eta beharrak asko aldatu dira eta.
Errotak hor daude, gure zain, askotan goaz Poza de Meranara, bazkaltzera, hain zuzen ere. “El molino” garagardotegira. Hor ezkutatuta egon arren, ikus dezakegu bere urtegia, goiko partean, eta komunerako bidea, horma zulatuta pasatzean. Bere ubidea ez dago baina badakigu Sopelaraino heltzen zela, izan ere, errota hau oso garrantzitsua izan da sopeloztarrentzat.
Beste batzuek ez dute izan suerte bera, suntsituta eta desagertzear daude, baina baten batek, Errotatxu, adibidez, oraindik sortzen du bere harrien soinua, lehen hain berezkoa zena. Beste garai bateko soinua orain eskura dugu berbatxango honi esker.
"Oraingo plana oso interesantea da. Alde batetik, errotak ikusiko ditugu. Baina... zer da errota bat?. Ez kezkatu, Mantxakoaz gain, hemen ere errotak daude. Gehienak suntsituta daude eta ez dabiltza baina baten bat nahiko ondo dago, eta bere lana egiten du. Horregatik, ikusiko ditugu suntsituta dauden errota batzuk", azaldu dute euskaldunen elkarteetako kideek. Errotatxo, aitzitik, martxan ikusiko dute, ikasteko benetan bere lana zein zen. Amaitzeko, eta ziklo osoa betetzeko, Seke errotan (gaurko gaztetxea) talo-tailerra egingo dute, tailerra bai baina dastatu eta hamaiketako hartu ere bai.
Ekimeneko kartela