Etorkin indiarren semea, oso gaztea zela hasi zen Iyer musikaren munduan era autodidaktikoan eta pianoa belarriz jotzen. Urteak pasa ahala, gero eta gehiago interesatu zen jazz musikarengatik eta, Yale Unibertsitatean fisikan eta matematiketan graduatu eta gero, Bird Kage klubeko jam session-etan hasi zen jarduten piano-jotzaile titular. Garai horretan zenbait talderekin eta Steve Coleman eta George E. Lewisekin ere jarduten zen, bere jarduera profesionala finkatzen hasi zela.
Goranzko jarduera horretan piano-jotzaile, musikagile eta ekoizle emankorrenetako bat izatea erakutsi du Iyerrek eta genero eta estilo anitzetako artistekin aritu da. Nabarmentzekoa da Stephan Crumbekin eta Marcus Gilmorerekin osatzen duen hirukotearen jarduera. 2010. urtean Grammy sarietarako izendatu zuten hirukotearen "Historiocity" disko apartari esker. Halaber, lan bikaina burutu du Fieldor kolektiboarekin, Tirtha ganbera hirukote asiarrarekin eta Rudresh Mahanthappa saxo-jotzailearekin.
2010ean Amerikako Jazz Kazetarien Elkarteak saria eman zion Urteko Musikari Onenaren mailan. Urte berean Jazz Echo Award saria eskuratu zuen, Europako sari garrantzitsuenetako bat, hain zuzen ere. Egun, Vijay Iyerrek jarduera musikala uztartzen du Manhattaneko Musika Eskolarako eta New Yorkeko Unibertsitaterako eta Musika-inprobisaziorako Eskolarako egiten dituen musikologia ikerlanekin.