Historia osoan, biztanleria zibil babesgabearen kontra, aire bidez eragindako lehen zigorra izan zen, eta haren helburu nagusia zen biztanleria hondatzea,ikaratzea eta kikiltzea, pertsona hauek amore eman zezaten. Zoritxarrez, praktika bidegabe hauek hurrengo urteotan orokortu ziren, eta mundu osoko Herriek pairatu izan dute basakeria, erasoa eta zentzurik gabeko erasoa.
Euskadik gaur eskatzen ditu Oroitza, Egia eta Aitortza.
Ezinbestean onartu beharra dago gertakari haiek guztizko zigorgabetasunean eragin zirela, hondamena eta heriotza manipulazio eta gezurrarekin estali nahi izan zituzten, biztanleria zibilaren kontra doilortasunez kalkulatu eta egin zen erasoaren egia ezkutatzen saiatu ziren.
Jose Antonio Agirrek 1937ko apirilaren 28an munduan zabaldu zuen diskurtsoan azaldu zuen errealitate hau:
"Jaungoikoaren eta gu guztiok epaituko gaituen Historiaren aurrean, baieztatu egiten dut,hiru ordu eta erdiz, orain arte ezagutu ez den basakeriaz, hegazkin alemaniarrek Gernikako hiribildu historikoko biztanleri babesgabea eraso zutela, eta errautsetaraino erre zutela, eta metrailadore suaz emakume eta umeak jazarri zituztela, asko hil egin ziren eta besteek izuak zoratuta ihes egin zuten”.
Hauxe da zintzotasun eta zentzu historikoz onartu nahi ez den errealitatea. 75 urte geroago, ez da oraindik aitortu pertsonei eta gizarte osoari eragin zitzaien mina.
Gaur egun ere, bonbardaketa haiek bizi izan zituzten pertsonek oraindik eskatzen dute Oroitza, Egia eta Aitortza.
Pertsona nagusiak dira, umetan bizi izan zuten izu eta sufrimenduaren oroimenak markatutako bizitza izan dutenak.
Osteko belaunaldikoek ere bizi behar izan dute gezurra eta isiltasuna. Gezurrarekin eta ahaztearekin makurrarazi nahi zituen erregimenaren mende bizi izan ziren pertsonak.
Gaur, 75 urte geroago, emakume eta gizon horiek guztiak bonbardaketa haiek gogoratzeko ekitaldietan egoteak eta parte hartzeak duintasun eredu dira gu guztiontzat.
Ez dute protagonismo edo gorazarrerik bilatzen, gure helburu bera partekatzen dutelako: gertakari anker haiek ez daitezela sekula gehiago errepikatu , inork ez dezala beraiek beren hezur-haragitan sufritu zutena bizi.
Hainbeste urtetan pilatutako gorroto bizi hori guztia desagerrarazteko, eta Euskadi berrian aldi berria zabaltzeko dugun desioa partekatzen dute.
Pertsona horiek dira Euskal Herriaren sinbolo eta eredu; Oroitza, Egia eta Aitortza eskatzen dute; iragana gainditzeko, eta Bake eta Elkartasunezko etorkizun berria bizitzeko bide bakarra delakoan.
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere egiten du eredu hori, bere egiten ditu printzipio eta baloreak; eta Oroitza, Egia eta Aitortza adierazpen hau izenpetzen du, beti borrokatu eta landu dugun Bake, Elkartasun eta Askatasunean bizi nahi duen Euskadiren oinarria den aldetik.
75 urte igaro dira, eta errealitate bihurtu da Agirre Lehendakariak faxisten inbasioaren aurrean esan zuen esaldi hura “lurra menderatuko dute, baina sekula ez dute euskal arima menderatuko”.
Euzko Alderdi Jeltzaleak gaur aldarrikatzen du biztanleria zibilaren kontrako lehen bonbardaketa haiek sufritu eta bertan hil ziren haien arima gogoratzeko beharra.
Euskal lurra izan zen biztanleria zibilaren kontrako neurri gabeko sarraski eta ankerkeria pairatu zuen lehena; eta, lehena da orain Oroitza, Egia eta Aitortza eskatzeko orduan, gainditu nahi dugun une beltz hark behar besteko argitasuna eman dezan, berriz ere bortxakeriara, intolerantziara eta izualdira itzul ez gaitezen.
Euskadik Bakea, Elkartasuna eta Askatasuna aldarrikatzen du.
Hauxe da Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa.
Euzko Alderdi Jeltzalea
Iñigo Urkulluk euskaraz egindako adierazpenen bideoa (© EAJ)