Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Sopelako Udalak ekitaldia antolatuko du larunbat honetarako, apirilak 28, lan istripuetan hildako langile sopeloztarren omenez. Tokiko iturriek azpimarratu dutenez, "2010ean gertatutako heriotzak nabarmen igo ziren, kopuru ikaragarrietara helduz: 86 hildako Euskal Herrian eta 28 Bizkaian". Horien artean, Sopelako hiru auzokidek bizitza galdu zuten beraien enpresetan lan egiten ari ziren bitartean, eta herriko hiru familietan heriotza horien ondorio gordin eta bidegabeak ezagutu zituzten. Hori dela eta, lan istripuetan hildako langile sopeloztarren omenez, Sopelako Udalak ekitaldi xumea prestatu du biharko, 13:00etan, Jauregizar plazan. Bertan, udal ordezkariez gain, hildako langileen senideak izango dira, eta beraien omenez hiru zuhaitz landatuko dira. Ekitaldiaren berri emango duen plaka ere jarriko da. Argazkian, "Prekarietateak hiltzen du. Lan istripu gehiagorik ez!" lelopean, 35 lagun inguru elkartu ziren 2010eko irailaren 9an Sopelako udaletxeko plaza ondoan, J.M.V. 58 urteko gizonezko sopeloztarrari heriotza eragin zion lan istripua salatzeko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!