Salamancako Topas kartzelan, berriz, istilu batzuk izan ondoren, presoei erratza eta fregona ziegan izatea debekatu diete. Bertan daukate Iñigo Otazua Urresti algortarra. Azkenik, Frantzia aldeko Poitiers Vivonne espetxean, martxoaren 5ean hasita itxialdia egiten ari dira Saioa Sanchez berangoztarra, Gorka Azpitarte Rejado eskoriatzarrarekin batera. Izan ere, beste presoek bisitak astero jasotzen dituzten bezala, beraiek hilean behin bakarrik jaso ditzakete. Elkartasunez, Maite Aranalde Ijurco ibarratarrak eta Eneko Zarrabeitia Salterain abadiñarrak elkarretaratzea burutzen dute astero, eta astero zuzendariari eta epaileari gutunak bidaltzen dizkiote. Bitartean, Irantzu Gallastegi Sodupe preso politiko berangoztarra eta bere bikotekide Xabier Garcia Gaztelu "Txapote" galdakoztarra Puerto III-ra, Cadizera, bueltatu dituzte; epaiketa baterako Valdemorora eraman ostean. Martxoaren 20an epaitu zituzten biak, 1997ko urtarrilaren 30ean, Donostian, Eugenio Olaziregi bizikleta denda bateko langilearen hilketan parte hartzea egotzita.
Bisitak
Aitor Cotano Sinde preso politiko algortarraren amari bi hilabetez semea ez ikusteko zigorra ezarri diote. Etengabe errepresioaren kontrako Uribe Kostako agerkari digitalak azaldu zuenez, "aurreko batean Aitor bisitatzera Valdemoroko espetxera joan zirenean, bere anaia miatu nahi izan zuten kartzelariek, eta horrek uko egin zion. Orduan, amak protesta gisa horren arrazoiak idatziz ematea eskatu zuen". Horren ondorioz, bi hilabetez semea ikusteko debekua iritsi zaio Cotanoren amari.
Epaiketak
Aitor Cotano eta Arkaitz Goikoetxea preso getxoztarrak apiril erdialdean epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nagusian. Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakera egotzita, bakoitzarentzat 44 urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Baita 40.000 euroko kalte ordaina ere, lehergailuen indargabetze lanetan artezilarietako bat zauritu zelako. Hain zuzen ere, Madrilen zirela jakin zuten bi gazteek, beste auzi batean Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren berri.
Benjamin Atutxa Eibarreko PSE-EEren zinegotzia "bahitzeko eta hiltzeko" ustezko saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez preso getxoztarrak absolbitu zituen 2011ko apirilean Auzitegi Nazionalak. Epaiaren arabera, "ekintza abiatu eta hori gauzatzeko zaintza lanak egin zituzten arren, azkenean bertan behera utzi zutela ulertuta". Orain, baina, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Azkorriko gaztearen absoluzioa, eta 3 urteko espetxe zigorra ezarri dio. Gorenak onartu egin du Ministerio Fiskalak absoluzioaren aurka aurkeztutako helegitea, eta "legez kanpoko atxiloketa terrorista delitua egiteko konspiratu izana" leporatu dio Goikoetxeari. Aipatu 3 urteak orain urtebete jarritako espetxe zigorrari gehitu behar zaizkio: Goikoetxeari 22 urteko kartzelaldia ezarri zioten, Cotanori 16 urtekoa eta Gutierrezi 14 urtekoa. Hirurei erakunde terroristako kide izatea, lehergaiak gordetzea eta armak edukitzea leporatu zieten. Horretaz gain, faltsutze delitua egotzi zioten lehenengoari. Aipatu zigorrak berretsi ditu oraingoan Gorenak.
Berri onak
Orain aste batzuk aita izan da Paul Asensio Millan eta laster ekarriko dute alaba ikustera. Asteartean atera zuten Alacant aldeko Villena espetxetik eta bidean da jada. Bestalde, joan den ostiralean kaleratu zuten Iker Beristain Gutierrez "Beris" algortarra eta, atzokoan, Gotzon Alcalde Etxeandiari heldu zitzaion txanda.
Etxerat elkarteak plazaratutako 2012ko apirileko hilabetekaria (pdf)