Getxo Rugby taldeak Espainiako Ohorezko Mailako final-laurdenak jokatuko ditu bihar, igandearekin. Getxoztarrak etxetik kanpo ariko dira, Alacanteko La Vila Joiosa herriko Pantano zelaian, nonbait Fadurako moduko giroan. Izan ere, Ohorezko Mailako sei talderik onenak batzen dituen play off horretan La Vila taldeak zelaian jokatzeko abantaila izango du, 4. izan baita ligan. Bryce Bevinen mutilak bosgarren sailkatu dira, ordez. Norgehiagoka 12:30ean abiatuko da eta aurretik La Vila faborito agertzen bada ere, gauzak ez daude hain argi. Ligako emaitzei begiratuta, Fadurakoek berdindu eta galdu egin dute Alacantekoen aurka, baina talde katalanak krisi ekonomiko sakonean bizi da,
bertako agerkari digitalak zabaldu duenez. Egoera horrek giroa nahasteaz gain, hainbat jokalarik dagoeneko beste konpromiso batzuk hartzea eragin du. Gauzak horrela Mark Hewitt entrenatzaileak ez du Jhonathan Phipps, Jarrid Els eta Nathan Reid zelairatzerik izango. Horretaz gain, Espainiako Selekzioak Marcos Poggi deitu du Eskozian jokatzeko. Gauzak horrela, Bryce Bevin Getxoko entrenatzailea eta La Vilako entrenatzaile ohia baikorra, anbizio handikoa eta zuhurra agertu da, aldi berean. Taldeak jakinarazi duenez, konfiantzaz gainezka daude. Argazkian, La Vila eta Getxo arteko aurreko partida bat / © Getxo Rugby Taldea.