Ekitaldian irakurri den manifestua
Apirilaren 28an, euren lan baldintzen eraginez osasuna eta bizitza galdu duten langileak gogoan izan nahi ditugu. Enpresa eta botere publikoen aurrean, lan baldintza duin, seguru eta osasungarriak aldarrikatu nahi ditugu.
2010. urtean lan istripuetan gertatutako heriotzak nabarmen igo ziren, kopuru ikaragarrietara helduz: 86 hildako Euskal Herrian, eta horietatik 61 Euskal Autonomi Erkidegoan eta 28 Bizkaian. Horien artean, Sopelako hiru auzokidek bizitza galdu zuten euren enpresetan lan egiten ari ziren bitartean, eta gure herriko hiru familietan heriotza hauen ondorio ustekabe eta bidegabeak ezagutu zituzten.
2011 eta 2012. urteetan lan istripu gehiago jazo dira Euskal Herrian, eta Udalak ez du izan Sopelako auzokideren bati eragin dion istripuen jakinarazpenik. Lan istripuetan gertatutako heriotza hauei gaixotasun profesionalek sortutako hildakoak gehitu beharko genizkieke, kezkagarriak diren datu horiek seguruenik izugarri handitzen dituztelako.
Lan istripuek eta gaixotasun profesionalek sortutako heriotzak ez dira ustekabez gertatzen. Lan Arriskuen Prebentziorako Legea onartu zenetik 17 urte igaro diren arren, inkesta ofizialetako datuen arabera, lau enpresatik batek oraindik ez ditu oinarri-oinarrizko betebeharrak betetzen prebentzioaren eremuan. Urtez urte ikusi dugun bezala, heriotza eta gaixotasun psikozial eta profesional hauen oinarrian hainbat faktore daude: izugarria den prekarietatea, lan-erritmo bizkorrak, lan egunaren luzapena, kaleratzeen merkatzea, patronalaren erantzukizun falta, administrazioen zorroztasun falta eta gizartearen kontzientzia falta.
Botere publikoetatik pertsonen bizitza eta osotasun fisikoa babesteko erantzukizuna dugu,
baita lan eremuan ere. Behin betiko lan ezbeharrekin amaitu nahi badugu, ezinbestekoa da gaiak administrazio guztien agendan egotea.
Hori dela eta, Sopelako Udalak bat egin nahi du mundu osoan lan duin eta segurua izateko eskubidea aldarrikatzen duten ahotsekin. Etekin eta lehiakortasun ekonomikoaren gainetik, langileen bizitzari lehentasuna ematea aldarrikatu nahi dugu.
Langileak dira, gainera, krisi egoera hau ordaintzen ari direnak. Diru publikoa banku eta negozioak erreskatatzera bideratzen da, lan osasun eta segurtasunaren eremuan inbertsio eta baliabideak murrizten diren bitartean.
Egungo egoerak, beraz, hainbat ondorio sortu ditu:
• Lan baldintzak okertzea eta lan kargaren bat-bateko aldaketak.
• Langabeziak gora egitea eta herritarren osasun mentala hondatzea.
• Lan arriskuen prebentzio gutxiago egotea, eta Lan Arriskuen Prebentziorako Legea gehiago urratzea.
• Arlo garrantzitsu honetan enpresen inbertsioak murriztea.
Aipatu ditugun ondorio hauek guztiek eragin ezberdina dute herritarren artean. Baliabide gutxiago dituzten kolektiboetan ematen da gehienbat, eta horren ondorioz, denboraldi luzeko langabezia eta bazterketa soziala pairatzeko aukera gehiago izaten dituzte.
Argi daukagu egoera ez dela atzeraezina. Jendarteak, enpresek eta erakunde publikoek kontzientzia hartu behar dute, eta langileei sostengua adierazi behar diete. Tokiko administrazioetatik goiko administrazioei langileen alde egin dezatela eskatu behar diegu, langileek euren lantegietan osasuna eta bizitza gal ez dezaten.
Horregatik, 2012. urteko apirilaren 28 honetan, Sopelako Udalak gainontzeko erakunde publikoei geldirik ez egotea eskatu nahi die. Beharrezkoa baita defendatu behar dugun eskubide unibertsal honen aldeko jarrera aktiboa izatea.
Eta manifestu hau amaitzeko, lan istripuak pairatu dituzten pertsonei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu, eta oso modu berezian istripuak sufritu dituzten Sopelako familiei.