Espainiako
Guardia Zibilak A.N.G. 29 urteko mutil leioaztarra eta beste gizonezko bat atxilotu zituen atzo, speed droga salmentarako sare baten kideak izatea leporatuta. Dagoeneko hainbat aurrekari duten bi gazteak espetxera bidali ditu epaileak. Espainiako Barne Ministerioak zabaldu duenez, atxiloketa Bizkaian burutu zuten, Bilbo eta Zaragoza arteko Ap-68 autopistan. Ezagutzera eman ez duten toki batean kontrola ezarri eta A.N.G. leioaztarra eta C.H.M. 32 urteko valentziarra zebiltzan autoa gelditu zuen Guardia Zibilak. Bertsio ofizialaren arabera, ibilgailuko maletategian 120 kilo speed topatu zituzten bost bidaia poltsetan eta maleta batean gordeta. Horretaz gain, autoan 27 estasi pilula, ketamina likidoa zuen flasko bat eta LSD hainbat dosi topatu zituzten. Atxilotuetako baten etxean egindako miaketan Guardia Zibilak 66 gramo marihuana, prezisio balantza bat eta hutsean ontziratzeko tresnak bahitu zituzten. Guardia Zibilaren arabera, orain hilabete batzuk hasi ziren ikerketarekin, Levantetik Bizkaira droga eramaten zuen sare baten berri izan zutela. Bestalde, atzemandako drogarekin 500.000 dosi sal zezaketela zabaldu dute. Operazioa zabalik ei dago eta ezin da baztertu atxiloketa gehiagorik egotea. Argazkian, operazioaren irudi bat / © Guardia Zibila.