
"Lotu borrokari. Langileon Euskal Herria helburu" lelopean, aurtengo Maiatzaren Lehenean eskualdeka izango dira
LABen mobilizazioak. Guztira 23, Euskal Herriko hiriburu eta herrietan. Txorierri, Mungialdea eta Uribe Kosta hartzen duen Eskumaldeko LABek Astrabuduako Josu Murueta plazan jarri du hitzordua eguerdiko 12etan, manifestazioan Erandioko udaletxeraino heltzeko asmoz. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Altzagako azoka zaharrean.
ELAk, bere aldetik, Bilbon ospatuko du Langileen Nazioarteko Eguna, “Ezinbestez, sindikatua” lelopean. Goizeko 11:30ean Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak hitz egingo du Kale Nagusian eta, ondoren, 12:00ak aldera, manifestazioan abiatuko dira Plaza Biribilera. Ohi denez, ELAko militanteek Barakaldoko BECen elkartuko dira bazkaltzeko. Argazkian, 2010eko maiatzaren 1eko eskualde manifestazioa Areeta eta Itzubaltzeta / Romon egin zuen LABek.