Egoera politikoan antsietatea arnas liteke. Sam Peckinpah eta John Forden westernaren zein Akiro Kurosawaren zazpi samuraien zaleak badaki, ikuslea desesperatzeko arriskua dagoen arren, patxadatsuena ateratzen dela beti irabazle. "Path-ek harrapatuko zaitu, inork baino tenple handiagoa du!", abisatu zioten Billy Umeari hil baino egun batzuk lehenago. Eta gure filmean, ikusleak ez ezik, protagonistak ere aharrausika antzematen ditut. Oso astiro doa dena!
Desio dugun prozesu politikoa Eulerren grafo moduan defini genezake. Abiapuntua egungo egoera litzateke, helburua gatazkaren ondorioekin amaitu eta gure eskubide kolektiboak praktikan jartzeko aukera emango digun markoa lortzea. Bitartean, igaro beharreko hainbat korapilo daude: legalizazioa, iheslariak, euskararen erabilera, patriarkatuaren abolizioa, AHT... eta otutzen zaizkizuen beste guztiak. Horiengan guztiengan indar egiten dugu, helburura bidean, baina korapilo guztiak ez dira berdinak. Lehen ezberdintasuna, eta garrantzitsuena epe laburrera, Estatuak eurengan duen eraginkortasun maila, beto gaitasuna da. Preso politikoen korapiloaren gainean ia erabateko kontrola du. Ostera, Cabacas gaztearen hilketak errepresio indarren gainean sortu duen pertzepzio berriaren ondorioek erraz egin liezaiokete ihes.
Gure indarra duguna da. Indar hori etengabe handitzea dinamika bihurtu eta ondo neurtu dezagun une bakoitzean. Estatuari blokeatzea zailago egingo zaion korapiloetan inbertitu dezagun gehiena, gainerakoak ahaztu barik, baina frustrazioaren arriskua lausotuz. Estatuak guztiz trabatu ezin dituen esparru horietan bi norabidetan jokatu beharko dugu. Alde batetik epe luzera, etorkizunean non egon gura dugun argitu eta soilik luzera bistaratuko den inurri lana aktibatu dezagun. Bestetik, estatuari kontrol sentsazioa galaraziko dioten pauso sinbolikoak eman ditzagun. Hegoamerikar gobernuen politika efektistak lirateke eredua, zer esana sortuko dutenak, debatea estatuak kontrolatzen dituen korapiloetatik aldenduko duena. Egungo "impasse" egoera irauli eta mugimendu sentsazioa eraikitzea litzateke helburua. Bai, sentsazioa, mundua aldatzen duen indar misteriotsu hori.
Estatuak kontrol sentsazioa galtzen badu, mugitzera derrigortuko dugu. Politikan, ematen diren pausoak baino garrantzitsuagoa da urrats horien kudeaketa. Eta are garrantzitsuagoa, kudeaketa horren kontrola norberak duen sentsazioa.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den asteazkenean "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua