Ostiralean izango da epaiketako bigarren saioa, eta maiatzaren 7, 8, 9, 17 eta 18an hurrengoak. Saio denak San Fernando de Henaresen izango dira, Madrildik hamabost kilometrora. Besteak beste, auzipetuek salatu dute "indefentsio" egoeran daudela eta jakinarazi dute defentsa abokatuek aurkeztutako 64 lekukoetatik sei baino ez dizkietela onartu. Aldiz, Fiskaltzari guztiak onartu dizkiote —denak ere guardia zibilak eta poliziak dira—. Ostegunean auziaren kontrako elkarretaratzeak izango dira herrietan, eta larunbatean manifestazioa Bilbon (Casilla, 17:30). Bietan parte hartzeko eskatu dute auzipetuek.
Aurreko kontzentrazioak Algortan eta campusean
Bitartean, hilaren 25ean, 150 pertsona batu ziren Leioa eta Erandioko campuseko Mikel Laboa plazan, Arantza Urkaregi irakasleari eta gainontzeko auzipetuei elkartasuna adierazi eta maiatzaren 3an hasiko den epaiketa salatzeko. Bertan izan ziren Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Eva Ferreira idazkari orokorra, Miguel Angel Gutierrez Ikerketako errektoreordea, Elena Bernaras ikasleen errektoreordea eta Amaia Maseda Gizarte Erantzukizun eta Kanpo Hedapenerako errektoreordea. Kontzentrazioan babes idazki bat irakurri eta publiko egin zen Arantza Urkaregi Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleari eta gainontzeko auzipetuei elkartasun idazkiari emandako atxikimenduak. Sinatzaileen artean 20 bat katedradun eta irakasle oso inguru daude, Carmen Gonzalez Murua Antolakuntza akademikoko errektoreorde ohia, Nekane Balluerka Berrikuntza eta Kalitate errektoreorde ohia, Juanjo Alvarez Bergarako UNEDeko errektore ohia, eta Felix Goñi Biofisikako Unitateko zuzendaria.
Azkenik, hilaren 26an, arratsaldean, ehun lagun inguruk bat egin zuten eskualdeko deialdiarekin, Algortako Telletxe plazan kontzentrazioa eginez. Bertan izan ziren auzipetuen artean diren Eli Zubiaga algortarra eta Iker Rodrigo lutxanarra.
Arantza Urkaregi eta gainontzeko auzipetuak babesteko kontzentrazioa campusean (© EILAS)
Eli Zubiaga, Iker Rodrigo eta gainontzeko auzipetuak babesteko kontzentrazioa Algortan