Aurresku, luncha eta besarkada ugari ikusi ziren Sopelan, larunbat arratsaldean. Sopelako lehenengo gaztetxearen bultzatzailea izan zen Gotzon Alcalde eta oraingo Sekeko gaztetxera joan zen bildutako jendeaz lagundurik. Bertan ere harrera egin zioten.
Apirileko azken ostirala
Gotzon Alcalde preso ohiari harrera egin aurretik, 219 lagun elkartu ziren Algortako Telletxe plazan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Oraingo honetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduan ibilitako herrikideei egokitu zitzaien elkartasunaren kinkea hartzea. Modu horretan, "urte guzti hauetan amnistiaren alde eta errepresioaren kontra aritutako lagunei gorazarre" egin nahi izan die Algortako Herrira bilguneak. Bitartean, beraiek "tortura, kanporaketa, sarekada, jazarpen, sakabanaketa, isolamendua eta deportazioarekin amaitu eta preso eta iheslariak etxera ekarri arte borrokan jarraitzeko" deia zabaldu zuten. Horren adierazle, kanaberaz egindako espetxea apurtu ere egin zuten. Anje Duhalderen "Amnistiaren dema" entzunez eta kantatuz amaitu zen ekitaldia.
Sopelan, berriz, 60 lagun inguru elkartu ziren "presoak etxera ekar daitezen" eskakizuna eginez eta "bizi osorako zigorra bertan behera uzteko" eskatuz. Euri jasaren azpian eman zuren elkarretaratzearen denbora guztia, baina azpimarratzekoa zen guztion aurpegian zegoen alaitasuna, Sopela.net agerkariak adierazi duenez. Zergatia argia zen: Gotzon Alcalde presoa kalean dago eta herrian preso bat gutxiago dagoela guztien aurpegian islatu egin zen.
Eskualdeko gainontzeko herrietan ere izan ziren kontzentrazioak: besteak beste, Leioako Bulebarrean 72 lagun elkartu ziren, Itzubaltzeta / Romoko Xake plazan 115, Barrikan 24, Urdulizko BBVAren aurrean 17, eta Bernagoko Gudarien plazan 21.
Gotzon Alcalderi Algortan egindako harrera (cc-by Algortako Herrira)
Gotzon Alcalderi Sopelan egindako harrera (© Sopelako Herri Bilgunea)