Ibarretxeren parte hartzea
Juan Jose Ibarretxe aurreko lehendakaria, ordea, euskara ikasi eta bere bizitza familiarrean eta profesionalean zelan txertatu duen azalduko du "Nire esperientzia euskararekin" solasaldian. "Lehendakariak bere euskararekiko esperientziaz hitz egingo digu eta zentzu horretan nire esker beroena adierazi nahi diot Getxora hurbiltzeko eta Getxorekin euskararen alde lan egiteko adierazi duen borondate garbia eta interes gabekoagatik. Euskararekiko konpromisoa adierazten du, Getxora sosik kobratu gabe etorriko delako", azaldu zuen aurrekoan Imanol Landa alkateak.
Koldo Iturbe Euskara zinegotziaren hitzetan, berriz, "Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izandakoa, plan nagusiak lortu nahi duena ondo irudikatzen duen pertsona da. Euskara ikasi zuen eta hizkuntza familia esparruan sartzeaz gain, bere eginkizunetan ere sartu zuen, gorengo mailaraino, denok egiaztatu ahal izan genuenez. Eredu ona da".
Ekitaldiaren helburua herritarrak parte hartzera gonbidatzea da, beren iritziak eta gomendioak eman ditzaten, onartu nahi den III. Euskara Plan Nagusia ahalik eta parte hartze handienarekin egin nahi duelako Udalak, izan ere, denon kolaborazio beharko baita plan hau gauzatu ahal izateko. euskara guztiona delako .
Ezagutza handiago baina erabilera eskasa
Getxoko Udal Euskara zerbitzuak burututako "Euskarak badu etorkizunik" III. azterketa soziolinguistikoaren ondorioak ezagutzera emango ditu Udalak. Datu horien artean, Eustatek hizkuntza gaitasunari buruz ateratako azken datu ofizialak agertzen dira eta horiek erakusten dute Getxon euskararen jakite maila igo egin dela azken urteotan. Hain zuzen ere, II. Euskara Plana aurkezteko jada erabili ziren 2006ko datuen arabera, getxotarren %29a euskalduna da, %27a ia euskalduna eta %44a erdalduna. Horrek esan nahi du bi urtetik gorako 23.000 lagun direla euskaldunak Getxo udalerrian, hamarretik hiru. Azken 25 urteotan Getxon euskaldunen ehunekoak nabarmen egin du gora, 1981ean %9,9 zelako, eta 2006an, ordea, %29a.
1996an euskaldunen kopurua %19koa zen; ia euskaldunena %28a eta erdaldunena %53a. 2001ean euskaldunen kopurua %20a izan, ia euskaldunena %31a eta erdaldunena %49a.
“Datu horiek ibilbide ona erakusten badute ere, hau da, euskara ikasten ari direnak gero eta gehiago diren arren, euskararen presentzia Getxoko kale-bizitzan eskasa da oraindik, 2010ean Euskara Zerbitzuak burututako neurketak erakusten duenez eta ildo horretan lan egiten segitu behar da” azaldu du Alkateak. Neurketa horretan entzundako pertsonen %9,2a ari zen euskaraz. Kopuru hori 1994ean %2,8koa izan zen eta 2001ean %4,8koa. Horrek esan nahi du, oraindik baxua den arren, 9 urtetan lau puntu igo dela euskararen erabilera Getxoko kaleetan.
2010ean egindako neurketa horretatik ateratzen da euskara batez ere, umeen aurrean egiten dela, %65 kasu ume eta nagusien arteko hizketak izan zirelako; %18 nagusien artekoak eta %17 umeen artekoak.
Bestalde, 2008tik 2011ra bitartean burututako II. Euskara Biziberritzeko Plangintzaren betetze maila ezagutzera emango da. Plangintzan 281 neurri proposatu ziren eta horietatik %72,9 jarri ziren martxan.
Azkenik, ezagutza eta erabileraren arteko aldea murrizteko lan egingo duen III. Euskara Plan Nagusiak edukiko dituen helburuak eta ardatzak ere aurkeztuko ditu: euskara, belaunaldiz belaunaldi eta etenik gabe transmititzea, familia, eskola, helduen euskalduntzea eta kulturartekotasuna lantzearen bidez; euskararen erabilera ziurtatzea, administrazioan, aisialdian, kirolean, kulturan, lan-munduan…eta hizkuntza eroso eta erraz hitz egin eta elikatzeko, eten gabe elikatzea:plangintzak eginez kulturgintzan, komunikabideetan eta teknologia berrietan.
Koldo Iturberen arabera, "gure nahia da, Euskara Plan Nagusi berria dokumentu irekia izatea, herritarren, elkarteen, erakunde sozial eta politikoen eta oro har, gizartearen proposamen eta iradokizunekin eguneratua izan daitekeena" gehitu du Euskara zinegotziak. Horretarako, Euskara Zerbitzuak hainbat bide proposatzen ditu: www.getxo.net webgunean aipatutako txosten guztiak, datu guztiak ikusi ahal izango dira, eta baita ekarpenak modu erraz batean egiteko formulario bat ere. E-postaz, faxez edo idatziz bidali ahalko dira ekarpenak. Bestalde, txostenak biltzen dituen CDa egin du Udalak, interesa daukanak eskatu eta jasoko duena. Azterketak eta datuak biltzen dituen "Euskarak badu etorkizunik III" izeneko liburu honen 500 ale kaleratu dira, udal egoitzetan, elkarteetan, ikastetxeetan eta abarretan banatzeko. Azkenik datuen laburpena jasotzen duen hiru orrikoa ere getxotarren postontzietan helduko da.
Gaurko ekitaldia gizarteratze lanaren hasiera baino ez da izango, izan ere, asmoa baita, aurkezpenak sektoreka egitea: kirol munduko eragileei, ikastetxeetan, kultur eragileei, merkatariei, eta abar. Koldo Iturbek eskerrak eman dizkie, tartean Euskara Aholku Batzordeari ere, egindako eta egiten ari diren lana.
Imanol Landaren adierazpenen bideoa (© Getxoko Udala)
Imanol Landaren adierazpen gehiago (© Getxoko Udala)
Koldo Iturberen adierazpenen bideoa (© Getxoko Udala)
Ekimeneko kartela