Lantalde horretako kideak ondokoak dira: Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Kulturako zuzendari nagusia, Kultura Ondarearen Zerbitzuko burua eta Errestaurazio arloko arkitekto bat. Getxoko Udalaren izenean, berriz, Hirigintzako zinegotzia eta udal arkitektoa. Egitura sendotu eta saneatzeko lanak finantzatzeko, Foru Aldundiak beste higiezin “enblematiko” batzuetan erabilitako prozedura berbera jarraituko du. Esaterako, Bilboko Erruki-etxe Santu eta Errealarekin erabilitakoa: eraikin horretako bi kupula birgaitzeko lanek foru laguntza izan zuten eta, horretaz gain, Kultura Ondarearen Zerbitzuaren aholkularitza teknikoa eta asistentzia be bai.
Emango diren pausuak
Punta Begoñako galerien kasuan, lan-metodo bera erabiliko litzateke, foru iturrien arabera. Hain zuzen, lehenengo, esku hartzeko proiektu bat idatziko da, kaltetuta dauden atalak finkatzeko, eta ondoren, monumentuaren ezaugarrietara eta egoerara egokitzen diren erabilerak aztertuko dira. Behin lan horiek amaitu eta ebaluazio ekonomiko zehatza egin ondoren, Foru Aldundiak diru-laguntza bat emango dio Getxoko Udalari, egin beharreko lanak burutzen laguntzeko. "Galerien ezaugarriak kontuan hartuta, ekitaldi bat baino gehiago beharko da lanak burutzeko, eta beraz, diru-laguntza urte batzuetarako ekarpena izango dela aurreikusten dute. Eta zenbateko zehatza ezarri ondoren, urte kopuruaren arabera zatituko litzateke zenbateko hori. Lehen hurbilpen gisa, bi milioi euro inguruko diru-laguntza aurreikusten dute, beti ere, lantaldeak bere diagnostikoa burutzen duenean zehaztuko dutena", azaldu dutenez.