Clarissen ostean, Ze Esatek! taldearen txanda izango da. 2008an sortu zuten taldea Trikizio, The Txortains, Skunk eta Harlax bandetatik etorritako 12 musikarik, ska, rock eta reggae nahasten dituzten doinu alai eta biziak jotzeko asmoz. 2009. urtean lehendabiziko saioa egin zuten Iruñean, Korrika zela eta, eta ordutik hona Euskal Herri osoan jardun dira. Egun arte bi disko kaleratu ditu taldeak: "Ze Esatek!" (2010) eta "Rock & Ron" (2011). Era berean, Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaiaren, Txori Barrote Bilboko konpartsaren eta Ikasle Egunaren kantak ere egin dituzte, besteak beste.
Azkeneko saioan The Locos punk-ska talde madrildarra ariko da. Madrilgo punk-ska banda honek Pipi abeslaria, Ska-P talde ospetsuko kide ohia, du buru eta hiru disko grabatu ditu: "Jaula de grillos" (2006), "Energía inagotable" (2008) eta aurten kaleratutako "Tiempos difíciles". Musika indartsua, arina eta jai-girokoa interpretatu dute Espainian, Frantzian, Italian, Kolonbian, Txilen, Mexikon, Argentinan, Suitzan eta Alemanian.