Beste aldetik, jakin badakigu getxoztar askok ildo horretan pausuak emateko eskatu dutela (olioaren bilketa, konposta egiteko guneak…), baina orain arte iradokizun horiek hitz onak besterik ez dute, eta ez dute hondakinen tratamenduaren inguruko gogoeta sendorik ekarri.
Horretaz gainera, udal zerbitzua den garbiketa eta hondakinen bilketa esku pribatuetan uzten da berriz ere azpikontrata baten bidez.
Azpikontratazioak badakar lan-baldintzen prekarietatea eta zerbitzuaren okertzea, bereziki diru-baldintzak soilik kontuan hartzen direnean edo langileen baldintzen (administraziotik) kontrola ez dagoenean.
Era berean, beharrezkoa ikusten dugu garbiketaren eta hondakinen birziklatzearen aldeko kontzientziazio-lana.
Hori dela eta, kale-garbiketa eta hondakin solidoen bilketari dagokionez, ekarpen batzuk proposatzen ditugu:
a) Etxeko olioaren jasotzeko sistema abian jartzea.
b) Hondakin organikoen bilketa eta konpost-sistema publikoaren hedatzea, udalerri osoan ez bada, puntu zehatz batzuetan.
c) Herritarron adierazpen-askatasuna bermatzeko helburuz, kartelak, pintadak, pankartak eta bestelakoak jartzeko gune zabalak zehaztea.
d) Kontzientziazio-kanpainak bultzatzea
e) Gune naturalen garbiketa eta zainketa (Bolue, errekak…).
Horretaz gainera, azpikontratekin amaitzea eta udal langileen bidez garbiketa-lanak egitea, baita horien lan-baldintzen zaintza ere -prekarietate eta bazterkeriaren aurka- proposatzen ditugu; baita toki zehatz batzuetan zarama-ontzien lurperatzea ere, beti ere auzotarron nahiak eta beharrak entzunda.
Hori dela eta, beti bezala zuen iradokizunak helarazi ahal dizkiguzue bildugetxo[abildua]gmail.com edo bildu[abildua]getxo.net helbideetara.
Getxo garbi, jasangarri eta bizigarri baten alde…
Getxoko Bildu