Txetxu Fernandez Perez de Nanclares preso algortarrari baldintzapeko askatasuna eman dio Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak, baita Fernando de Luis Astarloari ere,
Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak gaur eman du erabakiaren berri, Fiskaltzaren txostenen
oniritzia izan ostean. Horien arabera, "Langraizko bidea" hartu duten bi preso horiek baldintzapeko askatasuna eskuratzeko "baldintza guztiak" betetzen dituzte, eta ondorioz, gelditzen zaien zigorra espetxetik at igaro dezakete. 2018ko maiatzean amaituko du kartzelaldia Fernandezek. Hartara, baldintzapeko askatasun erregimenean beteko ditu azken sei urteak. Dena den, otsailaren 10etik lo egitera baino ez da joan behar espetxera. Bi urte lehenago, Txetxu Fernandez Euskal Preso Politikoaren Kolektibotik (EPPK) kanpo zegoela baieztatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Gatibuak berak jakinarazi zien gutun bidez ingurukoei eta AAMri, bere burua EPPKren diziplina eta babesetik at kokatzen zuela eta ordutik aurrera soilik bere izenean arituko zela. Argazkian, Txetxu Fernandez preso algortarra berriz onartzea eskatu zioten BBVAri bere lankideek, iazko apirilean.