D3M eta Askatasuneko auzipetuei elkartasuna adieraziko diete ostiralean Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mai. 7a, 22:48
Bilbon 10.000 bat lagunen atxikimendua jaso eta hurrengo egunean, Iker Rodrigo lutxanarrari zein D3M eta Askatasuneko gainontzeko auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko asmoz, dozenaka lagunek egin zuten prentsaurreko jendetsua atzo Erandioko metro geltoki ondoko zabalgunean. Bildutakoek salatu zutenez, "ezkerreko ikuspuntutik esparru independentista bultzatzeagatik izango dira epaituak, legez kanporatzeek sortutako hutsune politiko eta instituzionala beteko zuen proiektua defendatzeagatik, euskal jendarteari bozka aukera bat eskaintzeagatik. Finean, eta epaiketaren lehen bi sesioetan ikusi izan den moduan euren eskubideen erabilera egiteagatik izaten ari dira epaituak". Gauzak horrela, ostiral honetarako, maiatzak 11, eskubide zibil eta politikoen aldeko mobilizazioa deitu dute. Manifestazioa 20:00etan abiatuko da metro geltoki ondotik. D3M-Askatasuna epaiketan auziperatutako 13 lagunen artean dira Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra eta Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra. Fiskalak 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du hirurentzat. Argazkia: cc-by-sa Eleak.
"Egoera politiko berriak iraganeko gauzez ari garela pentsatzera eraman bagintzake ere, zoritxarrez, ez da horrela. Estatuak bultzaturiko eta kasu honetan botere judizialek aplikatzen duten 'dena da ETA' teoria hori, eta batez ere, haren ondorioek, tamalez indarrean jarraitzen dute", salatu zuten atzo Altzagan bildutakoek. Gertuko beste hainbat kasu kokatu zituzten testuinguru berberean: orain gutxi sei erandioztar Espainiako Auzitegi Nazionalera joan izan behar izana jai egitarauan iragarki bat jartzeagatik eta inputatuak daudela edo, Erika Bilbao bizilagunaren kasua, egun Avilako espetxean prebentibo gisa jarraitzen duela "politikan" aritzeagatik. Bestalde, PNV, PSE-EE eta Bilduk adostuta, guzti horren gaineko mozioa onartu zuen Erandioko Udalbatzak, apirilaren 26ko osoko bilkuran.

Atzoko agerraldian zabaldutako oharra:

Mila esker hona gerturatu zareten guztioi!

Hemen bildu garen erandioztarrak auzitegi nazionalean epaitua izaten ari den Iker Rodrigo eta beste hamabi euskal herritarren egoera salatu nahi dugu. Pasa den maiatzaren 3an, hamahiru euskal herritar, haien artean Iker Rodrigo Erandioztarra, Audientzia Nazionalean auziperatuen eserlekuan eseri dira D3M eta Askatasunaren kontrako epaiketa dela eta. Epaiketa horretan 9 eta 7 urte arteko espetxe zigor eskaerei aurre egin behar izango diete, talde armatuko kide izatea egotzita.

Baina euren kontra beste behin ere erabiltzen duten “dena da ETA” leloa aitzakia bat besterik ez da. Ezkerreko ikuspuntutik esparru independentista bultzatzeagatik izango dira epaituak, legez kanporatzeek sortutako hutsune politiko eta instituzionala beteko zuen proiektua defendatzeagatik, euskal jendarteari bozka aukera bat eskaintzeagatik. Finean, eta epaiketaren lehen bi sesioetan ikusi izan den moduan euren eskubideen erabilera egiteagatik izaten ari dira epaituak.

Egoera politiko berriak iraganeko gauzez ari garela pentsatzera eraman bagintzake ere, zoritxarrez, ez da horrela. Estatuak bultzaturiko eta kasu honetan botere judizialek aplikatzen duten “dena da ETA” teoria hori, eta batez ere, haren ondorioek, tamalez indarrean jarraitzen dute.

Egun, demokrazian ustez onartuak diren jarduera politiko eta sozialen ondorioz, hainbat euskal herritar daude estatuko kartzeletan barrena zigorra betetzen. Eta beste horrenbeste dira euren eskubide zibil zein politikoak praktikan jartzeagatik Auzitegi Nazionalean epaituak izateko zain daudenak, ez gaude entzundakoetaz hitz egiten, gertutik, gure herrian bizi dugunaz baizik. Gogora ekarri nahi dugu orain gutxi 6 erandioztar Auzitegi Nazionalera joan izan behar direla jai programan iragarki bat jartzeagatik eta inputatuak daudela edo Erika Bilbao bizilagunaren kasua, egun Avilako espetxean prebentibo gisa jarraitzen duela politikan aritzeagatik.

Eskubide horiek teorian bermatuta egon beharko baziren ere, Estatuaren salbuespen-legeriak berak ezgaitzen ditu eta pertsona hauek guztiak kartzelan amaitzea ahalbidetzen duten legeek indarrean jarraitzen dute.

Gizartearen gehiengoa praktika errepresibo hauek salatzen duen bitartean, Estatuaren estamentu ezberdinetatik gerra legeria aplikatzen jarraitzen dute. Gizartearen gehiengo nagusiak aurrerapausoak emateaz hitz egiten duen bitartean, Estatuak entzungor jarraitzen du.

Atzo Bilbon buruturiko manifestazioa horren adibide izan zen baina ez da adibide bakarra izan, ugariak izaten ari dira egun hauetan gehiengo nagusi batek epaiketa honen kontra egiten ari dela: Epaiketan bertan ikusi dugu eremu politiko, sindikal eta sozial zabal baten babesa jaso dutela auzipetuek edo Erandioko udalak apirilaren 26an, PNV, PSE eta Bilduk batera adostutako mozioan ere argi gelditu zen herri honen gehiengoa egoera hauek gainditzeko duen borondatea.

Gaurkoan hemen bildu garenok ere hori irudikatzen gaude, hemen gauden herritarrok sentsibilitate politiko ezberdinetatik gatoz, hemen gaudenok herri mugimendu ezberdinetan ibiliak gara, eragile sozial zein kultural ezberdinen parte gara, hemen gaudenok ez dugu ezer ordezkatzen eta era berean dena ordezkatzen dugu, izan ere herri honetako eremu ezberdinetatik gatoz eta eskubideen urraketei aurre egiteko batu gara.

Beraz, premiazkoa eta batez ere justizia kontua da herri honetan eskubide zibil eta politikoak indarrean berriro jartzea. Bide horretan epaiketa politiko guztiak bertan behera geratu behar dira eta dagozkion eskubide zibil eta politikoak praktikatzeagatik auziperatuak izan diren pertsona guztien berehalako askatasuna lortzea. Zentzu berean azken hamarkadan legez kanpo utzitako antolakunde sozial eta politiko guztien legeztatzea eta eskubide zibil eta politikoen urratzaile den salbuespeneko legeriaren baliogabetzea ezinbesteko pausuak dira.

Guzti honegatik, eraso honen aurrean elkartasuna eta babesa eskaini nahi diegu auziperatuei, eta eskubide zibil eta politikoen aldeko mobilizaziorako deia egin nahi dugu, zentzu honetan, datorren ostiralean maiatzaren 11ean Erandioko Metro plazatik arratsaldeko 8etan abiatuko dugun manifestaldian parte hartzeko deia egin nahi diogu herritar orori.

Eskubide guztiak proiektu guztientzat! Epaiketarik ez!

Agerraldia argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun