Getxo Antzokia, HAPOa, Etxebizitza Plana, bidaia-ontzientzako kaia eta Ekonomia Suspertze Plana aipatu zituen alkateak; baita Getxoren modernizazioa, kohesioa eta parte hartzea bezalako ideia abstraktuak ere. Horiek guzti horiek, azken urteotan Gobernu Taldeak eman dituen ehunaka prentsa aurrekoetan (horientzako denbora beti dago udal honetan) behin eta berriz agertu diren proiektuak eta mezuak. Ezer berririk ez.
Beste behin, erantzunik ez, etxebizitza duin baten atzetik herritik alde egin behar duten ehunaka gazte getxoztarrentzat, zein krisiaren eta murrizketa inposatuen beldur, lo ezinik dauden emakume eta gizonentzat.
Bilduren hizkuntzan, modernizazioa ez da neurtzen Arriluzeko pasealekuetan zein jolas parkeetan jartzen diren koloretako argien arabera, ezta ilargitik ikusi ahal izango diren Antzoki eta Kultur Etxe espazialen arabera ere. Modernizazioa gizarte aldaketei eta beharrei erantzutea da, sustraiei eta herriaren nortasunari uko egin barik. 2012an Alangon alokairu sozialeko historiako lehen 100 etxebizitzak egingo direla entzuteak urrun usten gaitu modernizaziotik. Baita joan den urtean Getxoko 161 dendek (469 azken urteotan) pertsiana itxi behar izan zutela jakiteak ere.
Diskurtsoa amaitzeko, lerro hauetan protagonista dugun “Legegintzaldi Plana” “eskaintza irekia” zela argitu zigun Alkateak, herritarren, herri eragileen zein gainontzeko talde politikoen proposamenei zabalik dagoena. Beste behin ere Bilduren hiztegiko “parte hartzearekin” bat ez datorren parte hartzea aurkitu genuen: “ekarpenak egizkiozu nire Legegintzaldi Planari”. Baina euskaldunon berbakeran, “gu” da nagusi: denon artean eraikitako herri proiektua, horrek lan eta zailtasun asko dituela argi izanda. Udalean daramagun urte honetan argi ikusi dugu parte hartzearen azken ideia horrek ez duela zerikusirik EAJren Gobernu Taldeak planteatutakoarekin.
Nekazaritza-guneen suspertzea ekarriko duten enplegu politikak, geldirik dauden alokairuzko etxebizitza sozialen proiektuen gauzapena, Gizarte Zerbitzuen indartze ekonomikoa, euskararen erabilera arautuko duten ordenantzak… horrelako neurri ausartekin bihurtuko dugu “Getxo erreferente” (azken hori ere Gobernu Taldeak gustukoa duen ideia, “erreferente izatea”); ez agian bikaintasunaren Qak edo sariak ematen dituzten entitateen aurrean, baina bai gure herriaren bihotza, burua eta eskuak diren getxoztarren aurrean.
(Lerro hauek idazten nagoela, Euskal Autonomi Erkidego inposatuko telebista publikoaren albistegian entzun berri dut, EAJk Bilduri leporatu diola Gipuzkoako Aldundiaren zuzendaritzan urte bete pasa duenean, ez duela Legegintzaldi Planik kaleratu. Legegintzaldi Planak zer diren ikasi eta gero, pozten naiz horrelako albisteak entzuteaz.)
Getxoko Bildu