Puntuazio hoberenak erdietsiko dituzten sei bertsolariek Uribe Kostako finalerako jauzia egingo dute. Eskualdeko txapela jokoan, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean kantatuko dute, ekainaren 2an, larunbatean. Arratsaldeko 5:30ean hasiko da finala, saio arrunt bidez jokatuko dena.
Uribe Butroen ere, sei uribekostar
Orain bi urte estreinatutako ohiturari berriari jarraituz, Mungialdeko eta Txorierriko bertsolariek eskualde propio izango dute abesteko. Halere, dozena erdi uribekostar izango dute lagun. Izan ere, Leioako bost bertsolarietatik lauk (Peru, Beñat eta Inazio Vidal zein Galder Bilbao "Txapi") Uribe Butroen lehiatuko dira, Uribe Kostakoak eta Algortako Bertso Eskolakoak izan arren. Horretaz gain, hurrenez hurren Larrabetzun eta Urdulizen bizi diren Ekain Landa "Txispain" eta Aitor Esteban itzubaltzetarrak ere Uribe Butroen arituko dira. Lehenengoa Ittalen Larrabetzuko bertso eskolan dabil eta bigarrena Mungiako Laket bertso eskolan.
Bertsolarien jatorria dena dela, Uribe Butroeko lehenengo kanporaketa ostiralean izango da, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Bertan, Beñat Vidal eta Galder Bilbao "Txapi" leioaztarrak eta Ekain Landa "Txispain" itzubaltzetarrak abestuko dute, Jone Larrinaga, Malen Amenabar eta Asier Legarretarekin batera. Gai emailea, ordea, Larrabetzun bizi den Alberto De Abajo "Soro" algortarra izango da. Bertso afaria 21:00etan abiatuko da eta lekua aurretik erreserbatu beharko da 628 400 409 edo 655 703 056 telefonoetara deituz zein josebabersoa[abildua]euskalnet.net edo taketba[abildua]gmail.com posta elektronikoetara idatziz.
Gauzak horrela, Uribe Butroeko bigarren kanporaketa Fikako txokoan jokatuko da, hilaren 18an, ostiralarekin, iluntzeko 18an, beste bertso afari baten bidez. Han, Inazio eta Peru Vidal leioaztarrak eta Urdulizen bizi den Aitor Esteban itzubaltzetarra arituko dira, Ibon Larrazabal, Ortzi Garitano eta egungo txapelduna den Mikel Goirienarekin. Tokiak gordetzeko Larrabetzuko harreman bide berberak erabili ahal izango dira.
Bi saioetan puntuaziorik hoberenak eskuratuko dituzten sei bertsolariek eskualdeko finala jokatuko dute ekainaren 9an Sondikako kultur etxean. Saioa arratsaldeko 5:30ean abiatuko da. Data horretarako nahiko zehaztuta geldituko da zeintzuk izango diren Bizkaiko txapelketan lehiatuko diren 30 bertsolariak. Besteak beste, Jone Uria eta Xabi eta Fredi Paya izango dute parte hartzeko aukera, aurreko urteotan guztiek parte hartu baitute finalaren batean.
Bizkaiko eskualdeetako bertsolari txapelketen liburuxka (cc-by-nc-nd Bizkaiko Bertsozale Elkartea)
Uribe Kosta eta Uribe Butroeko kanporaketen kartelak