Dena prest dago Getxon igandean Extreme Man triatloiaz gozatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mai. 8a, 20:51

Bostehun triatleta inguruk, Olivier Marceau nazioartean ospea duen suitzarra tartean dela, parte hartuko dute igande honetan, maiatzak 13, Algortako Ereaga hondartza aldean, “Extreme Man 113 Getxo-Basque Country by Artroactive” izeneko proban. Win Sports Factoryk antolatuta Getxoko Udalaren babesarekin eta herriko zenbait kirol elkarteren laguntzarekin, kirol ikuskizun hori gaur bertan aurkeztu dute bere sustatzaileek, Imanol Landa alkatearekin eta Alvaro Gonzalez Kiroletako zinegotziarekin batera. Triatloia Ereagako hondartzan hasiko da 08:30ean eta 113 kilometroko distantzia izango du, honako modu honetan banatuta: 1.900 metroko igeriketa proba, 90 kilometro txirrindulaz (bi itzuli Berango, Sopela, Urduliz, Plentzia, Mungia eta Laukiz ere zeharkatuko dituen zirkuituari) eta 21 kilometroko korrikaldia (hiru itzuli Ereaga eta Areeta arteko itsasoko pasealekuan barrena jarriko den zirkuituari). Lasterketa 16:30ak aldera amaituko da, ordu horretan iritsiko baitira azken kirolariak helmugara. Lasterketan izena emateko epea ostegunean, hilak 10, itxiko dute. Argibide gehiago: www.extreme-man.com Argazkia: © Getxoko Udala.

Lehendabiziko aldia izango da Euskal Herrian distantzia luzeko triatloi bat egiten dena. Triatloia egingo den lau hirietako aurrenekoa da Getxo. Salou (ekainak 3), Narbonne (irailak 2) eta Menorca (irailak 23) dira Extreme Man markako triatloi zirkuitua osatzen duten gainontzeko hiru hiriak. Gauzak horrela, Getxok triatloi bat egiteko ezaugarriak batzen dituela nabarmendu du alkateak: “Korrika egiteko lekua dugu, tradizio txirrindularia ere eta lehor-itsasoko iragaitea egiteko sarbide nolabait erreza duen hondartza daukagu ere”, esan du. Eta, gainera, kirol ikuskizun horren "garrantzia" ere azpimarratu du, “or ohar, udalerri osoarentzat, eta bereziki Ereagako eta Portu Zaharreko salerosle eta ostalarientzat, turismoaren eta ekonomiaren ikuspegitik, aukera bikaina izango baita”. Antolakuntzaren izenean, Iñigo Elarrek Getxok proba hori handiagoa egiteko dituen aukerak eta bere baldintzak goraipatu ditu, “hiru zirkuituak betetzeko erraztasunak eskaintzen baititu”.

Elitekoa bai, baina parte hartze herrikoia ere bai

Nazioartean ospe handia duten atletak izango badira ere, tartean aipatu Marceau, Salou 2011ko Extreme Man probaren txapelduna eta igandean garaipena lortzeko faborito nagusia, atleta herrikoiak, federatuak zein federatu gabekoak ere, sartzen dira bertan. Horien artean izango da Iker Martin bertoko atleta. Horrek, prentsaurrekoan, lasterketaz gozatzeko deia egin du, baina arduraz parte hartzeko ohartarazi die kirolari herrikoei, oso gogorra baita proba. “Gozatzea eta parte hartzea da helburua, bizia galdu barik”, esan du kirolari getxoztarrak.

Horren harira, Cristina Martinez Bioiberica Artroactive babesle nagusiaren ordezkariak triatloiari buruzko ezaugarri nagusietako bat aurreratu du, osasunaren aldeko konpromisoarekin lotuta dagoena. “Aurrenekoz Extreme Man batean, era honetako proba batek kirolariengan dituen ondorioak ikertuko ditugu. Hartara, proba hasi baino lehen eta amaitutakoan parte-hartzaile guztiak pisatuko ditugu guztira zenbat kilo galdu dituzten jakiteko”.

Zirkulazio neurri bereziak

Beste alde batetik, eta Alvaro Gonzalez zinegotziak azaldu duenez, alde horretako segurtasuna bermatze aldera, neurri bereziak hartu beharko ditu Udalak halabeharrez, pertsona eta ibilgailuen joan-etorrietan eragina izango dutenak. Hori dela eta, igandean, hilaren 13an, zirkulazioarentzat erabat itxiko da bidea Ereaga, Kirol Portua eta Portu Zaharrean, 07:00ak eta 18:00ak artean, Triangeluko bidegurutzetik Portu Zaharra bertaraino. Egun horretan, Ereaga eta Portu Zaharreko saltokietara lanera autoz doazenek Portu Zaharreko aparkalekuan utzi ahal izango dute ibilgailua, baina ezin izango dute bertatik atera 18:00ak arte. Lanera egun horretan 07:00ak baino lehenago iristen diren Kirol Portuko beharginek bertako aparkalekuan utzi ahal izango dute autoa, baina horiek ere ezin izango dute bertatik atera 18:00ak baino lehen.

Murrizketak lehiaketaren aurreko bi egunetara ere zabalduko dira, ostiralera eta larunbatera. Izan ere, ostiraletik debekatuta egongo da aparkatzea “Campa del Oro” landako aparkalekuan. Halaber, murriztuta egongo da aparkatzea egun horretatik Arriluze eta Ereagako moiletan. Halere, inguru horietako zein Portu Zaharreko ostalaritza-establezimenduentzat zerbitzua bermatuta egongo da, Igeretxe eta La Ola artean ibilgailuak igarotzeko bidea zabalduko baita. Horregatik guztiagatik, Udalak ostalari, salerosle zein auzotarren laguntza eskatu du, neurri horiek trabak eragitekotan barkamenak eskatzearekin batera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun