Pasa den igandean, hilak 6, Metro Bilbaoko garraio enpresako segurtasun langileek Itzubaltzeta / Romoko mutil gazte bat jipoitu zuten, gazteak berak Getxoko komisarian salatu duenaren arabera. Mutilaren aburuz, pairatu zuen erasoa goizaldeko 1:30ak aldera hasi zen, bagoiaren barruan, eta San Mames geltokiaren nasan amaitu zen. Bere esanetan, "nik ezer egin gabe kolpatu ninduten eta ondorioz salaketa jarri dut". Posibleena epaiketa azkar bat burutzea litzatekeelakoan dago eta horregatik, testigu bila dabil. Dagoeneko, lau lortu ditu baina gehiago behar izan dezakeela uste du itzubaltzetarrak. Berarekin kontaktuan jartzeko,
metrokolekukoak[abildua]yahoo.es posta elektronikora idatz daiteke. Halere, salaketan agertu duenez, bera ez zen zaindarien kolpeak jaso zituen bakarra. Segurtasun enpresako behargina "lepotik tiraka hasi" zitzaionean bagoian zeuden beste bidaiariei laguntza eske hasi zitzaien gaztea eta berarekin zihoan bere neskalaguna. Orduan, "segurtasun langileei euren jarrera oldarkorra gelditzeko exijitu zien" bidaiari askok. Horri erantzunez, "beste bidaiari bati, gutxienez, kolpeak eman zizkioten bizkarrean, lurraren kontra eduki zuten bitartean". Gazteak, bizarra zeukala, praka motz berdeak, kiroletako oinetakoak eta mauka laburreko kamiseta beltza zeraman jantzita gau hartan. Argazkian, metroko artxiboko irudi bat.