Pello Gutierrezen esanetan, Umore Azokako egun hauek “gure lurraldeko teatrozaleon egutegietan gorriz azpimarratuta egon behar diren udaberriko egunak dira”, ekimena “lurralde honek sorkuntzarako duen gaitasuna” eta “gero eta garrantzi handiago duen kaleko arteen jaialdi hau ezinbesteko hitzordua da euskal antzerkigintzan”. Gainera, “proposamen berriak ezagutu, harremanak sendotu, kontratazioak suspertu eta, batez ere, ekimen artistikoaren erruberak bira egiten jarrai dezan, ekonomiak bidean jartzen dituen oztopo guztiak gaindituta”.
Bizimodua alaitzeko
Umore Azokak “bizimodua alaitzeko” egiten duen ahalegina eskertu zuen Gonzalo Olabarriak, bere esanetan, “sorkuntza eta berrikuntza arloetan urte bete luzez egindako lanaren ondorioa” delako, antolatzaileak “adi baitaude beti kaleko arteen arloan sortzen diren proposamen eszeniko berriei, lan berriak, berritzaileak eta hainbat kasutan arriskuz beterikoak baina sarritan joera artistiko berriak ezagutzeko balio dutenak”.
“Gaztetasuna, berrikuntza eta nobedadeen arteko oreka” azpimarratu ondoren, Ana Lopezek egitarauan tartekatzen diren erabateko 22 estreinaldien garrantzia aipatu du, hauetariko 14 lan beste hainbeste euskal konpainiak eskainiko dituztela, eta horien artean tartekatzen diren hiru lan berri aipatu zituen: ATX Teatroren "Gnosis", Matrioskaren "Motel Matrioska" eta Malas Compañiasen "Orsai", obra horiek Umore Azokak ekoizpenerako emandako laguntza jaso dutelako. Matrioska, Trapu Zaharra eta Teatro Salitre dira Leioan izango diren Euskal Herriko konpainietako batzuk. Nazioarteko taldeei dagokienez, Kataluniako bederatzik parte hartuko dute Azokan, espainiar, italiar eta argentinarrekin batera, besteak beste.
Aldez aurreko edizioetan Arte Eszenikoen arlo desberdinetan diharduten 150 profesional gerturatu badira Leioara, Lopezek bere konfiantza erakutsi zuen aurten ere kopuru horretara heltzeko. Urtetik urtera azokaren nazioartekotzea gero eta nabarmenagoa da eta aurten “Koreatik gerturatutako profesionalak izango ditugu gure artean”. Ikusle kopuruari dagokionez berriz, 40.000 ikusle bildu da azken urteetako edizio bakoitzean eta aurten, gutxienez, kopuru hori berdintzeko esperantza dute.
Sariak
2012ko Umore Azokak bi sari banatuko ditu aurten ere: bata Euskal Herriko konpainien artean aukeratzen den Ikuskizun Onenari eta bestea Kanpotik etorritako Ikuskizun Onenari; eta biak azokaren azken egunean emango dituzte ezagutzera epaimahaikideek. Sariak maiatzaren 18an 14:00tan emango dira Mendibile jauregian. Ekitaldi horretan emango da ezagutzera ere zein pertsona edo erakunderi dagokion 2012ko ohorezko Umore Azoka saria.