Lau saioetan Fiskaltza, Guardia Zibila eta Polizia Nazionalak argi erakutsi dute han eseri garen 13 euskal herritarrok prentsaurrekoak eman ditugula, hautes-zerrendetan joan garela, ikuskatzaile, apoderatu, promotore edo ordezkariak izan garela hauteskunde erronka ezberdinetan, kontzentrazioetan parte hartu dugula… argi erakutsi dute ere bilerak egin ditugula, herrigintzan lan egiten ibili garela, propaganda banatzen edo hautes-elkarteak legeztatzeko sinadura eman dugula. Guzti hori gainera ez dute soilik esan epaiketan egindako deklarazioetan, guzti hori frogatu dute, telefono entzuketak, Interneteko azterketak, jarraipenak, ehunka orriko informeak, hoteletako ordainagiriak, argazkiak, fotokopiak eta euskarri ezberdinetako ehunka froga mahai gainean jarriz. Argi erakutsi dute ere lan handia egin dutela gu akusatuen eserlekura eramateko. Laburbilduz, ehunka polizi urteetan zehar lanean, gure atzetik gau eta egunez frogatzeko lehen egunean akusatuek gure deklarazioetan onartu genuena, hots, gure herriaren alde lan politikoa egiten dugula.
Lan politikoa egiteagatik epaituak izaten ari garela gutxi batzuek soilik jarriko dute zalantzan, lan politikoa egiteagatik 9 urteko kartzela jaso dezakegula agerikoa da, baina horren atzean egungo egoera berriaren aurrean Estatuaren posizioa zein izango den ikusteke dugu. Epaiketan argi gelditu da Fiskaltza, Guardia Zibila eta Polizia Nazionalaren posizioa. Garzon epailearen "dena da ETA" teorema berrestera etorri ziren, gure kontra bestelako frogarik ez dagoenez teorema hori bera da balizko kondena baten oinarria eta haien argudio nagusia, berdin du egin duguna edo egin ez duguna, dena erantzuten baitio ETAk egindako diseinuari.
Indar errepresiboak posizio horretan egoteak argi erakusten du Estatuak Euskal Herrian zabaldutako eszenatokiaren aurrean ez dela mugitu nahi, argi erakusten du erosoago dagoela bestelako egoera batean eta ezintasun izugarriak dituela urrats demokratikoak emateko. Aukera paregabea zuen D3M eta Askatasunaren kontrako epaiketarekin ilegalizazio estrategiari bukaera emateko eta fase berri bat zabaltzeko, fase berri bat non herritarron eskubideak onartuak izango diren. Tamalez, epaiketa areto arrotz hartan entzun eta ikusi duguna bestelakoa da, betiko argudio faltsuak askapen mugimendu osoa zigortzeko. Etorkizunari ilusioz heldu nahi diogunok berriz ere Estatuaren blokeoaren aurrean aurkitu gara.
Bueltako bidaian, bakoitzak gure hausnarketetan murgildurik, Briviescas inguruan geundela, telefono dei bat jaso genuen, Gorenak Bateraguneko kideen zigorra berretsi egin zuela esanez, Sonia, Arnaldo, Rafa, Arkaitz eta Miren-i sei eta sei urte eta erdiko kartzela zigorrak ezarriz. Musu bana hemendik!
Epaiketa gelan Fiskaltza, Polizia Nazionala eta Guardia Zibilak gure kontra frogen faltan erabili duten teorema berretsi du atzokoan Gorenak. Euskal Herrian ulergaitza den posizioa markatu du berriz ere Espainiako injustiziak, agerian utziz Euskal Herriko politika bide errepresiboetatik baldintzatzeko duen nahia. Baina epaiketara joan aurretik argi genuen gure herriaren etorkizuna ez dela Auzitegi Nazionalean idatziko; argi genuen gure historia Euskal Herriko kaleetan idaztera goazela eta Espainiatik datorrenari hemendik erantzun beharko diogula; argi genuen indarrak batuz soilik egingo diogula aurre egoera honi eta etor daitezkeenei.
Horregatik harro eta lasai gaude, harro eta lasai jakin badakigulako Auzitegi Nazionalak edota Gorenak esango dutenaren gainetik herri honen babesa dugula eta Euskal Herrian gure etorkizuna idazteko bidea egiten gaudela.
Bihar ostirala, hitzordu berri bat daukagu arratsaldeko 20:00etan Erandioko metrotik abiatuko den manifestaldian, "Epaiketarik ez, eskubide guztiak proiektu guztientzat" lelopean deitu genuen eta atzoko Bateragunearen ebazpenarekin inoiz baino garrantzi gehiago hartzen du. Izan ere, Madrilen esango dutenari begira egon baino Euskal Herrian martxan jartzea da dugun erronka nagusia, hemendik eta soilik hemendik lortuko dugulako D3M eta Askatasunako epaiketa azken epaiketa izatea, hori dugu erronka eta hori lortzera jo behar dugu.
Animo, irabazten goaz eta irabaziko dugu!
Iker Rodrigo Basterretxea auziperatu lutxanarra