
Lurralde Zati Plana salatzeko asmoz, "Uribe Kosta konkistatzen" lelopeko martxa egingo dute bihar, larunbata, Urdulizko gazteek. Goizeko 10:30ean herriko metro geltokitik irten, Plentzia, Gorliz eta Armintza zeharkatu eta Basordako zentral nuklearreraino hurbilduko dira. Bertan, LZPren aurkako ekitaldia egingo du
Urdulizko Gazte Asanbladak. Izan ere, "Lemoizko zentrala gelditu bazan, LZP ere geldituko dogu" adierazi dute gazteek. Bide batez, LZP haientzat zertan datzan azaldu dute urduliztarrek: "Uribe Kostan egin dituzten eta egin nahi dituzten basakeriak salatuko ditugu. Amalurra zaintzea eta errespetatzea bizi garen guztion ardura dela uste dugu, eta gitxi batzuena guzti hau apurtzea dela dirudi... Basakeri batzuk egin dituzte, baina beste asko eta asko proiektuan daude, hasi barik oraindik, eta gure helburua hauek guztiak berehala bertan bera uztea izango da". Ohar bezala, norberak bere bazkaria eramatea aholkatu du UGAk.