Bost euskal herritar hauen aurkako zigor gogorrarekin, indar erakustaldia burutu du Estatu espainiarrak, errepresioan oinarrituriko erakustaldia. Azken urteotan aldaketa nabarmen eta sakonak izan dituen errealitate politiko baten aurkako beste indar erakustaldi bat izan da Gorenaren azken ebazpen hau. Euskal jendartearen gehiengo batek, bakea, justizia eta demokrazian oinarrituriko etorkizuna ikuskatzen duen agertoki baten aurkako erantzun errepresiboa.
Ideia politiko guztien defentsa eta antolaketa askeak bermatuak izan behar dutela aldarrikatzen du euskal jendarteak. Ondorioz, egoera berri honetan ez dago lekurik, behin betiko eten behar dute, bake eta aterabideen aurkako agenda politiko eta judizialek.
Udal gobernu honek, beste behin ere, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintoren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen du.
Udal gobernu honetatik, beste behin ere, gatazkaren konponbide demokratikoarekiko gure konpromisoan berresten gara, bai eta bide horretan egun espetxeraturik dauden lagunek egindako ekarpenaren aitortzan ere.